Andoni URBISTONDO
BIDAIAK BERROGEIALDI

Sarean eta telebistan hegan egiteko bidezidorrak

Zuen eguneroko lan jarduna portatilera lotutakoa bada, etxeratuta egin beharreko egun eta aste hauek motzagoak egingo zaizkizue. Zeresanik ez etxean bakarrik bizi baldin bazarete. Argazkigintza eta munduko paisaiak gustuko badituzue, honatx Twitter eta Instagram-en jarraitu beharreko kontu batzuk. Euskal Herrikoak, osagai kulturala lagun, Burgiko @lakukula kontua, Erronkari Ibarreko herri hartako argazki zahar, tradizio eta besteren erakusle. Antzekoa egiten du @bidankozarte kontuak, Bidankoze herriarekin, ez Burgikoak bezain maiz. Bidaia kroniken zaleak bazarete, must bat da, noski @anderiza Ander Izagirre bidaia kazetaria.

Paisaia edo eguraldi argazkien zaleak bazarete, gertu duzue erreferentzia ezin hobea: I_zuaznabar Barakaldoko argazkilaria. Imanolek berak emandako bi aholku, begiak dir-dir egiteko: errusiarra, bata, @danielkordan; eta Kantabriakoa bestea, @pablo.ruizgarcia (11 milioi jarraitzaile ditu azken horrek). Apalxeago, jarraitzeko modukoak dira @josebaelustondoren mendi bueltak, bertigo sortzaileak, edo @artikoan kontua, Artikoan paleozeanografia ikertzen ari den geologo euskalduna.

Eta deskubrimendu interesgarri bat: Viajar katea, Movistar eta Euskaltel plataformetan ikusgai. Michael Portillo aurkezlearen bidaia mitikoak trenean. Egun hauetan Australia trenez zeharkatu zueneko abenturekin gozatzen ari naiz. Bidaia soila baino askoz gehiago erakusten baitu Portillok: bertakoen ohiturak, tradizioak, bizimoldea… Etxeratzea atzean utzi eta ordubetez hegan egiteko ezin aproposagoa.