Mikel ZUBIMENDI
DONOSTIA

Sendagai antibirala jomugan duen erlojupeko lasterketa globala

Covid-19aren kontrako sendagai antibirala lortzeko eskala eta abiadura ikaragarria duen lasterketa martxan da. Erlojuaren kontrako zientzialarien auzolan globala da, New Yorkeko Mount Sinai ospitaletik Parisko Pasteur Instituturaino, Txinatik Bostonera, Australiatik Bartzelonara, Israeletik Britainia Handira, lantalde zabal bat balitz bezala.

Birus berriaren biologia eta zelula anfitrioiak kontrolatzeko erabiltzen dituen mekanismo molekularrak ez dira guztiz ezagutzen. Ikertzaileek badakite saguzarretan ostatu hartzen duten beste birus batzuen antza duela, baina oraindik ez daukate argi koronabirus berri honek zein animaliatatik egin zuen jauzi gizakietara. Ez dakite geratzeko etorri den ala ez, ezerezean desagertuko den, urtaroen arabera modu batean ala bestean jokatuko duen ala datozen urteetan berarekin bizitzen ohitu beharko dugun.

Iraganeko epidemietatik ikasitako esperientzia oinarri hartuz eta SARS, MERS, Zika, Ebola eta Chikungunya birusen aurkako borroketan pilatu den jakintza kolektiboa baliatuz, azken asteotan munduko zientzialari, ikerketa gune eta instituzio klinikoak informazioa trukatuz eta sarean lan egiten ari dira. Koronabirus berri honen kontrako erlojupeko karrera martxan da. Eta ziur pandemia honi aurre egiteko metatzen ari den esperientzia guztia baliagarri izango dela hurrengoari aurre egiteko.

Koronabirusa ulertu, detektatu, tratatu eta prebenitzeko hil ala biziko zientzia lasterketa bat da, baina zientzia irekiaz ari gara, sarbide libre eta eskuragarria duen ahalegin erraldoiaz. Biosegurtasun estandar gorena duten instalazioetan burutzen den lana da, arnastuz gero arriskutsuak izan daitezkeen patogenoen kontrako borroka isila. Aurrekaririk gabea eta anbizio handikoa da nazioarteko komunitate zientifikoa elkarkidetzan, koordinatuta, burutzen ari dena.

Abiadura zorabiagarri batean lan eginez, mundu mailako ehunka ikertzailek koronabirusak jotako gaixoak tratatzeko 50 sendagai probatu dituzte. Batzuk birusa zuzenean erasotzeko sendagaiak probatzen ari dira eta beste batzuk, ordea, birusak hazi eta ugaltzeko beharrezko dituen gure zeluletako proteinak babesten dituzten sendagaien bila dabiltza.

Izan ere, gaur-gaurkoz, birusaren kontrako sendagai antibiral eraginkorrik ez da ezagutzen eta kutsatu diren pazienteei medikuek eskain diezaieketen bakarra laguntzarako zaintzak dira, alegia, oxigeno aski duela bermatzea, sukarra kudeatzea edo haizagailu baten bitartez biriketara airea eramatea, honela sistema immunologikoari denbora emateko infekzioaren aurka borrokatu ahal izateko.

Birusak beren geneak gure zeluletan sartuz ugaltzen dira. Zelulen gene-irakurgailuak orduan zelulen proteinetan itsasten diren proteina biralak sortzen ditu, birus berriak sortuz. Birus batzuek, batzuetan, zeluletatik ihes egin eta beste pertsonak infektatzen dituzte. Dela GIBa, dela Ebola edo Dengea, patogeno bakoitzak zelula anfitrioietako proteina ezberdinak manipulatzen ditu. Eta zientzialarientzat giltzarria da birusek manipulatzen dituzten gure zeluletako proteina ezberdinen «mapa» lortzea.

Proteinen «mapa»

Eta egun, esperimentu global koordinatu horretan, ikertzaileek koronabirusaren 50 proteinen «mapa» egin dute, eta baita bere aurkako hamarnaka sendagai probatu ere. Sendagaietako asko Covid-19arekin zerikusia ez duten gaitzak tratatzeko aurrez erabiliak izan dira, minbiziari aurre egiteko adibidez. Duela hiru aste zientzialariek koronabirusaren geneak sintetizatu eta zeluletan injektatu zituzten. Horrela jakin zuten badirela birusak aurrera egiteko 400 giza proteina. Eta helburua orain birusaren ugaltzea eragotziko duen sendagai antibirala lortzea da.

Tximinoaren zeluletan koronabirusaren hazkundea martxan jarri eta nola ugaltzen den ikusi du laborategi batek, eta, beste bat, esaterako, minbiziaren aurkako sendagaiak nolako eragina duten ikusteko, birusa gelditzen ote duten baieztatzeko saioak egiten ari da.

Ondo bidean, sendagai egokia aurkituko balute, lehenik koronabirusarekin infektatutako animaliekin probatuko lituzkete, segur aski hudoekin, zeren jakina da haragijale txikiok Covid-19arekin lotura estua duen SARS gaixotasuna hartzen dutela.