2020/03/26

Etxebizitzen alokairuaren prezioa %22 garestitu da Nafarroan urtebetean

Etxebizitzen alokairuak %22 egin du gora Nafarroan 12 hilabeteren buruan. Hala ere, metro karratuko prezioa Hego Euskal Herriko baxuena da. Gipuzkoa da herrialderik garestiena, metro karratuko 14,99 euroko prezioarekin eta hiriburuan, Donostian, 15,97 euro ordaintzen da, batez beste.

GARA|iruñea
0326_eh_etxebizitza

Nafarroan %22 garestitu dira etxebizitzen alokairuen prezioak, iazko otsailarekin alderatuz. Fotocasak argitaratutako txostenaren arabera, Estatu mailako igoerarik handiena da Foru Erkidegoan izan dena.

Hala ere, Hego Euskal Herriko prezio txikienak izaten jarraitzen du Nafarroak. Metro karratuko 9,53 euro ordaintzen zen otsailean.

Sailkapen horren buruan Gipuzkoa dago, 14,99 euro ordaintzen baitira metro karratuko. 12 hilabetean %5,9 igo dira prezioak herrialdean. Estatu mailan soilik Bartzelona eta Madril ditu aurretik.

Bizkaian ere igo dira prezioak, %8,4 metro karratuko 12,53 euroan kokatzeraino. Eta Araban, berriz, %7,6 garestitu da iazko otsailarekin alderatzen badugu, metro karratua 10,24 ordaintzeraino.

Hiriburuak kontuan hartuta ere Donostia da guztien buru, 15,97 euroko prezioarekin, nahiz eta azken urtean %2,7 jaitsi. Estatu mailan, Eivissa (19,01), Bartzelona (17,91) eta Madril (16,55) hiriak baino ez ditu aurretik sailkapen horretan. Bilbon %11,6 igo dira alokairuak azken hamabi hilabeteetan eta, batez beste, 13,82 euro ordaintzen dira metro karratuko.

Fotocasa etxeak nabarmentzen duenez, koronabirusak eragindako krisiaren aurretik hartutako datuak dira hauek eta, adierazten duenez, egoera horrek «eragin nabarmena» izan dezake bai alokairuen bai pisuen salmentaren prezioetan.

GIPUZKOA


Gipuzkoa da Hego Euskal Herrian etxebizitza garestienak dituen herrialdea, alokatutako metro karratuko 14,99 euroko prezioa dute. Donostiako udalerrian, berriz, 15,97 euro ordaintzen dira batez beste.