Iker BIZKARGUENAGA

Oso kasu gutxi dituen arren Kubak neurriak zorroztu ditu

Azken egunetan munduari buelta eman diote koronabirusaren kontrako borrokan laguntzeko Italiara heldutako mediku kubatarren irudiak. Herrialde horretako osasun sistemak sona handia du munduan, eta internazionalismoa lege da Karibeko irlan, eta beraz, ohikoa bilakatu da edozein hondamendi edo osasun krisialditan mediku kubatarrak nonahi ikustea. Dena den, etxean ere badute zer egin Kubako agintariek, oraindik Covid-19 kasu gutxi diagnostikatu dituzten arren inor ez dagoelako gaitz honetatik salbu eta litekeena delako hara ere zabaltzea.

Jose Angel Portal Miranda Osasun ministroak agerraldia egin zuen astearte gauean, egoerari buruzko informazioa zabaldu eta koronabirusari aurre egiteko planaren zehaztapenak emateko. Alde horretatik, nabarmendu zuen egun horretatik kubatarrak direnak edo Kuban bizilekua dutenak bakarrik sar daitezkeela herrialdera. Izan ere, orain arte bertan baieztatutako 57 kasuetan –asteartean baino bederatzi gehiago–, kanpotik heldutako pertsonei diagnostikatu zaie, eta oraindik ez da egon irla barruko transmisiorik. Eta hala jarraitzeko, Kubako agintariek 1.479 lagun dituzte ospitale eta osasun zentroetan isolatuta, haien eboluzioa jarraitu eta birusa duten ikusteko, asteartean baino 443 gehiago. Horietatik 116 atzerritarrak dira.

Hildako bat eta bi oso larri

Gainera, beste 36.500 lagun euren etxeetan daude prebentziozko egoeran, arnasa gaixotasunen sintomak izan dituztelako edo susmagarriak diren kasuen kontaktuak izateagatik. Nabarmentzekoa da, alde horretatik, hiru milioi laguni galdeketa egin zaiela, sintomaren bat duten edo ez jakiteko. Edonola ere, Portal Mirandak aitortu zuen kontrolatu gabeko kasuren bat egon daitekeela, eta horregatik herritarrei eskatu zien edozein sintoma izanez gero osasun zentrora joateko.

Koronabirusa duten ia lagun guztiak ospitaleratuta daude, horietatik bi oso egoera larrian, Osasun Ministerioak atzo azaldu zuenez. Aldiz, atzo arte larri zegoen 71 urteko turista italiar baten egoerak hobera egin du eta «egonkor» zegoen.

Oraingoz pertsona bakarra zendu da Kuban koronabirusak jota, 61 urteko turista italiar bat. Aldiz, ministerioak atzo azaldu zuen gaixotasuna gainditu duen lehenengo lagunari –25 urteko gazte bat– sendagiria eman diotela, nahiz eta beste hamabost egunetan etxean egon beharko duen, medikuen zaintzapean.