Amalur ARTOLA
HERNANI
KULTURGINTZA ATAKA BERRIAN (I)

Sektore ekonomiko izaera onartzen ez zaion sektorea

Urtero milioika euro mugitzen dituen arren, kulturaren sektore ekonomiko izaera itzalpean geratu ohi da. Kulturgileek aintzat har ditzatela eskatzen dute. Besteen neurrian. Besterik ez.

Ezegonkortasuna. Inongo kulturgileri galdetuz gero, bere lanaren ezaugarrietako bat ezegonkortasuna dela esango digu, prekaritatea agian, profesional izaeratik nahi baino gutxiago duena. Kulturak badaki zein den bizi eta biziraun hitzen arteko aldea; hari-harian dabiltzan funanbulistak dira kulturgileak. Baina, gutxiegitan oroitzen bada ere, sektore ekonomiko oso bat dute atzetik, urtero milioika euro mugitzen dituena. Industriaren, turismoaren edota egunotan instituzioen ahotan bolo-bolo dabiltzan gainerako sektore ekonomikoen onarpen bera, gutxienez, merezi duena.

Praktikan, ordea, ez zaio tratu bera ematen. «Krisi garaian kultura izaten da kalteak jasaten dituen lehen sektorea», ziurtatu du Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak (EHMBE), eta bizi duten egoera marraztu digute. «Euskal Herriko kultur ekosistemako enpresa gehienak ertainak edo txikiak dira. Jasotzen ari garen datuek diotenez, datozen hilabeteetan milioika euroko kalteak eta zeharkako edo zuzeneko milaka lanposturen galera aurreikusten dugu. Galera hori askoz ere zenbaki handiagoan islatuko da gainontzeko ekonomian izango duen eragina kontuan hartzen dugunean. Hartuko diren laguntza neurrien arabera, musika sektorea 2022an errekuperatzen hasiko dela eta 2023an sendotuko dela aurreikusten dugu».

Musika sektorean, martxo eta apirilerako aurreikusten zituzten kontzertu, ikuskizun eta jaialdi guztiak eteteko erabakia hartu zuten egoeraren larritasuna atzeman bezain laster, eta horien %80 galdutzat ematen dituzte: soilik %20 atzeratu dira, data zehatzik gabe.

Horrek sektorearen %90 geldiaraztea eragin du eta, musika arloko profesionalen artean egin duten lehen balorazio-galdeketak erakusten duenez, %55en jarduera erabat etenda dago eta %44k soilik uste dute krisiari aurre egingo diotela: profesionalen %39k beren kabuz egoerari «hilabete batzuetan» eutsi ahalko diotela uste dute, eta %20k «hilabete bat edo bitan». %18k jada egoera kritikoan daudela erantzun dute.

Larritasun berarekin mintzatu dira editoreak ere. Artean datu zehatzik gabe, kalteak liburugintza kate osoak (sorkuntza, edizioa, inprimatze, banaketa, liburu-dendak...) jasango dituela nabarmendu dute, eta udaberrian argitaratu asmo ziren liburuetatik hasi, testuliburuetatik pasa eta liburugintzaren inguruko ospakizunetaraino (Sarako Biltzarra, Liburu Eguna, maiatz eta ekaineko Iruñea eta Bilboko liburu-azokak...) eragingo duela aurreikusten dute.

«Atzerapenak eta galera handiak izango dira, bai literatura eta kultura mailan, bai hezkuntza maila sozioekonomikoan ere», ziurtatu du Euskal Editoreen Elkarteak (EEE). Elkarteko lehendakari Joxemari Sorsek azaldu digunez, «argitaletxe guztiak telelanaren zaldira igo eta etxetik ari dira lanean, baina egina geneukan programazioa ezingo da aurrera eraman, liburu-dendak itxita daudelako, banaketa eta garraioa ere mugatuta daude, eta horrek atzerapena ekarriko du. Eta atzerapenak ez du esan nahi gero dena batera aterako denik, baizik eta gauza batzuk geroagorako utzi beharko direla», egin du zehaztapena.

Eta hori kasurik onenean. Izan ere, Sorsek gogora ekarri du euskarazko liburugintza beti egon dela «ukitua, laguntzen beharrean», eta, oraindik diagnosi zehatz bat egiteko «goiz» dela uste badu ere, bere iritzian «gerta daiteke [argitaletxe] batzuk, txikiak, berriz ez irekitzea, baita zenbait liburu-dendak ere». Kontsumo aldaketak zenbait liburu-denda txikiren ixtea jada eragin du eta krisialdi honek joera hori areagotu dezakeela uste du.

Oro har, gure inguruko argitaletxe handiak ere, Random House eta Planeta kasu, nobedadeak atzeratzen ari direla nabarmendu du Sorsek: «Lehengoan esaten zuten [Estatu espainolean] liburuen salmentak 800 bat milioi euro suposatzen baditu 200 milioi euroko galera egongo dela, eta hori aurten ez da berreskuratuko».

Babes publikoa eta laguntzak

Euskal Herriko daturik ematera ez da ausartu Sors, «orain egin behar dena delako nolabait biziraun eta aurrera begirako planteamendu berriak egin. Beti esan izan dugu politika kultural berri bat behar dela herri honetan, instituzioek eta kulturan gauden guztiok eskutik helduta joan behar dugula», ekarri du gogora, eta oraingoz instituzioekin ez dutela harreman zuzenik izan azaldu du: «EEEren komunikatuak ez du erantzunik izan. Postura baikorra izan ohi da; erantzuna, ikusiko dugu», esan du.

EHMBEk bi eskaera egiten dizkio Lakuari: kultura sektoreari babes publikoa erakuts diezaiola eta Covid-19ak izango dituen eraginen aurkako neurriak har ditzala. Elkarteko lehendakari Aitor Bengoetxeak instituzioekin harremana badutela baieztatu du, «baina faltan sumatzen duguna da, beste sektore batzuekin egin duten bezala, hasieratik euren babesa agertzea edo jarraipen mahai bat osatzea sektoreko ordezkariekin. Kulturari ez zaio jaramonik egin, ez da aipatu. Pauso hori ez da eman, eta hori eskatzen dugu».

Era berean, Bengoetxeak nabarmendu nahi izan du musika sektorea «azkarrena» izan zela, «osasuna lehenetsita, aretoak ixten eta kontzertuak bertan behera uzten, agintariek eta inork neurriak hartu aurretik».

Balizko mahai horretan proposatuko lituzketen neurriei buruz galdetuta, sektorea zabala dela –sortzaileak, aretoak, diskoetxeak, jaialdiak, teknikariak...– eta neurri zehatzak mahaigaineratzea zaila dela esan du Bengoetxeak, baina 2020ko laguntzak aurreratzea edo bizkortzea eta ogasunaren aldetik malgutasuna eskatuko dituztela. «Orokorrean da ulerkortasuna agertzea egoera honen aurrean, malgutasuna. Hau kate bat da eta identifikatu beharko ditugu ahulguneak, indarrak hor jartzeko. Neurri multzo oso bat beharko da», zehaztu du.

Kulturako BEZa murriztea edota Gizarte Segurantzako ordainketak etetea dira egunotan prentsara jauzi egin duten eskaeretako batzuk. Horiekin «printzipioz ados» daudela esan du Bengoetxeak, eta aurreratu du kulturako sektore ezberdinetako elkarteak harremanetan jarriak direla jada, arazo bertsuak izango dituzten neurrian, instituzioen aurrean horiei erantzuna emateko eskari bateratua aurkezteko.

Amaitzeko, streaming bidezko doako kontzertuez ere mintzatu zaigu Bengoetxea. Bere hitzetan, aho biko labana dira: «Ongi ikusten ditut, baina... anekdotikoki, orain denak kultura aldarrikatzen ari gara plataforma ezberdinetatik, streaming bidez, gure etxea areto bihurtu nahian. Halako eskaparatismo bat ere sortu da eta hori ongi egon daiteke kultura balioan jartzeko, baina nik eskatzen dudana da babes edo interes hori gero urte osoan zehar ere hor egon dadila, ez gure etxeetan gaudenean bakarrik. Kultura kontsumo hori, gose hori, ea kalera trasladatzen den bizimodu normalera itzultzen garenean».

Inbutu irauliaren teorema: lehortetik gaindosira

Argitaletxeak telelanaz baliatzen ari dira edukiak aurreratzeko, baina «gauzak prest edukita ere, nola argitaratuko ditugu denak batera? Eta nola xurgatuko ditu merkatuak? Hori da berrikusi behar duguna», hausnartu du Joxemari Sors Euskal Editoreen Elkarteko (EEE) lehendakariak. Literaturari dagokionez, lehortetik gaindosira pasatzeak dituen arriskuak baloratzen ari direla zehaztu du Sorsek.

Testuliburuetan lanean ari diren argitaletxeei helduz, horiek ere beldur direla gaineratu du: «Eskolak itxita daudelako eta ez dakigulako zer gertatuko den, baina egoera ez da ona. Momentuz sarbide elektronikoak ematen ari gara, baina hurrengo urterako materiala ere prestatu behar da».

Musikari begira, «hasiera batean» aretoen jarduna maiatzean berreskuratzea aurreikusi zutela esan du Aitor Bengoetxea EHMBEko lehendakariak, «baina ez dakit hori posible izango den. Maiatz-ekain inguruan normalean jarduera moztu egiten da, kanpoko jaialdiak hasten direlako, eta uste dut pilaketa arriskua handiagoa izango dela udazkenean».

Edonola ere, literaturan zein musikan, pilatutako horiek merkatuan izango duten erantzuna ez dela ona izango aurreikusten du sektoreak, eskaintza zabala izanik, tartaren zati txikiagoa baitagokie.A. A.