Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
IGOR ESTANKONA
POETA

«Ezkerrak ere hausnarketa bat egin behar du bere svastiken inguruan»

Izenburu iradokitzailea nahi zuen Igor Estankonak bere bosgarren poema bildumarako, irekia, irakurlearen adimena hegaldatzera eramango zuena. Eta «Moskito» hautatu zuen, titulu «aztoragarria, arraro uzten zaituena». Azalaz barrura, aitatasuna, bikote harremanak, heriotza, nazio gogoetak eta, bere poesiagintzan ohikoa den bezala, naturari erreferentzia ugari. Hau da bere bosgarren kaleidoskopioa.

Lehen olerki liburutik, “Anemometroa” (1998, Susa), naturan errotutako poesiagintza ekarri digu Igor Estankonak, gordin batzuetan, sotil besteetan, inguruaren irakurketa arnas luzez egiten duenaren patxadaz. 11 urte igaro dira azken poema bilduma, “Iratzeen esporak” (2009, Susa) argitaratu zuenetik eta, presarik gabe, tokatu zaionean, iritsi da “Moskito” (Susa), aurreko guztiak bezala, bere bizi esperientzietan oinarri hartu eta, galbahetik pasata, aitatasuna, heriotza, natura, naziotasuna... azken hamarkadan presente izan dituen gaiak taupaka jartzen dituen poemarioa.

Jada 11 urte igaro dira «Iratzeen esporak» argitaratu zenuenetik, baina ez zara literaturatik urrun egon urteotan.

Literaturara loturik mantendu nauen zilbor-hestea literatur kritika izan da. “Argia” eta Noticias taldeko “Ortzadar”-erako ibili naiz poesia iruzkintzen eta poesia idazteari ere ez diot inoiz utzi. Oso astiro, noizean behin poema bat erdi-bukatuta utzi eta gorde, eta horrela ibili naiz azkeneko 11 urteotan, produkzio hori guztia bildu, findu eta ordenatu den arte.

Beraz, eskuartean zenuenak horrela eskatuta eman duzu argitara «Moskito».

Dekantazio lan bat izan da. Produkzioa “Moskito”-n ageri dena baino handiagoa izan da eta liburuak eduki zitzakeen 120 edo 140 orrialde ere, baina 80 orriko poemategi bat atera da nahi izan ditudalako bertara ekarri poema behinenak, adierazgarrienak edo osoenak.

Denetariko gaiak jorratu dituzu, tartean oso barnekoak, aitatasuna edo bikote harremanei buruzkoak, kasu.

Azken 11 urteotako bizipenen ondorio da hori. Lau seme-alaba izan ditut bide horretan eta horrek eragiten dio bikote harremanari ezinbestean, aberastu egiten zaitu, erronkak ezartzen dizkizu... Nahi eta nahi ez hori agertu behar zen. Poema liburuetan tendentzia daukat errepaso bat edo nire bizitzako kapitulu baten analisi sentimentala egiteko, nolabait.

Heriotza ere jarri duzu mahai gainean, poeta askoren gai errekurrentea.

Bai, maitasuna, heriotza eta denbora hiru gai klasiko dira, esaten da poema guztiek dutela osagai horietakoren bat. Liburuan ageri da heriotza baina ez zentzu txarrean, baizik eta continuum baten moduan edo ziklikoa den zerbaiten moduan. Beti etorkizunera proiektatzen den zerbaiten moduan; alfa eta omega ez dira existitzen nire ustez, existitzen da bizitza eta berak dakar heriotza.

Nazioari eta naziotasunari lotutako poemak ere badaude. Hori ere bada zure ardura konstanteetako bat.

Bai, barrutik inarrosten nau gure herriaren egoerak. Jendartearen gaia, gai soziala beti egon da presente nire poesian. 1998ko “Anemometroa” urrun hartan ageri zen amorrua hemen ere barruntatzen da eta, bai, hori ere nire poesiaren konstanteetako bat dela uste dut.

Ildo horretan, pentsatzekoa da jende bat interpelatua sentituko dela «Gure svastikak» poemarekin.

Gure baitan dagoelako askotan eskuin muturra, ezta? Uste dugu gutaz aparteko zerbait dela edo alderdi politikoak antolatzen direla ideologia oso garbien inguruan, baina iruditzen zait ezkerrak ere hausnarketa bat egin behar duela bere svastikei buruz.

«Madrilen hilko dute» poeman oihartzunekin jolastu duzu.

Liburuaren baitan berezia da poema hau. Baliabide bat da ezin dena gehiegi erabili, ze gehiegikeriara pasa zaitezke oso erraz. Poema bakar bat dago, Joxe Arregiri dedikatu diodan hori, hainbeste errepikapenekin eta hain erritmo astunarekin, baina uste dut poemak eskatzen zuela eta ondo doakiola.

Idazketari zenbait erreferentzia ere topatu ditugu: «Nik egon behar dut buruari eman eta eman poema puta bat idazteko» edo «hitz asko gabe nabil» esaldiak tartean.

Lehena liburuaren hasierako poemakoa da eta aitzinsolas bat bezalakoa da, jendeari ohartarazteko askotan oso erraz irakurtzen ditugun poemen atzean zenbat lan eta zenbat diziplina dagoen.

Izen propio asko darabilzu: Dante, Einstein, Stalin, Dylan Thomas, Jon Lopategi...

Iradokitzaileak dira pertsonaia horiek guztiak. Garai bat markatzen dute, aldarte bat. Beste batzuk nire memoria bizia dira eta uste dut, gainera, aberastu egiten dutela liburua, oso modu abstraktuan aipatzen direlako; azken finean, bakoitzak du bere Jon Lopategi buruan, bere Mumia Abu-Jamal, saskibaloiaz dakienak Toni Kukoc izango du gogoan... Liburuari heldulekuak ematen dizkiola uste dut.

Eta lekuek? Izan ere, Palermotik Jururura eraman duzu irakurlea. Poemak irakurtzearekin batera bidaia bat ere proposatzen duzu.

Nik ere bidaiatu dudalako leku horiek ebokatuz. Ebokazioak dira, leku askotan ni ez naiz ezta egon ere, baina geografia bat marrazten dute eta, denek batera, adierazten dute gure txokotik ere egin daitekeela hegan munduko edozein bazterretara.

Gaiak nahasian eman dituzu, bizitzan suertatzen diren bezala, baina bost atal ditu liburuak. Zergatik antolaketa hori?

Gaika ordenatzen saiatu nintzen baina liburua oso pisua egiten zen, astuna da irakurtzea poemak guztiak eite batekoak edo tematika batekoak direnean, eta otu zitzaidan hobe izango zela beste irizpide bat erabiltzea. Eta irizpide hori da erritmoarena. Oso subjektiboa da, baina ahalegindu naiz liburua joan dadila festina lente, arin, baina aldi berean eduki dezala sendotasuna, irakurketa izan dadila atsegina eta arina.

Hasieran aipatzen genuen hamarkada daramazula argitaratu gabe. Zertan aldatu da zure poesiagintza, zu zeu ere aldatu zaren neurrian?

Umilagoa bihurtu naiz iradokizunen eta kritiken aurrean. Leire Lopez Ziluaga editorearen partetik eduki dudan laguntza zein nire bikotekideak egin dizkidan iruzkinak, denak iruditu zaizkit egokiak eta liburura ekarri ditut, eta diferentzia beharbada da “Moskito”-n ez dagoela poema bakar bat ere doaneko moduan-edo sartua. Denek konbentzitu naute, denak nahi izan ditut liburura ekarri, deskarteak ere asko izan dira, baina, beste liburuetan ez bezala, nire buruari agindu diot liburuan ez nuela sartuko guztiz konbentzitzen ez nauen poemarik.

Ez dena aldatu da zure naturarekiko lotura, lilura hori: zuhaitzak, ibaiak, basoa, sasiak, zeruak, mozolo bat... Naturarekin lotura duen guztiak segitzen du presente zure poesiagintzan.

Bai, ze ni hortik nator. Gorbeiapekoa naiz eta hori izan da nire haurtzaroaren zati handi bat, eta gero ere disfrutatu izan dut naturarekin eta sufritu izan dut bere galerarekin. Oso erreferentzia argiak daude bai landareen munduari bai animalienari, iruditzen zaidalako oso deskonektaturik bizi garela horretatik gu ere bat izanda naturarekin.

Eta zergatik izendatu duzu «Moskito» poemarioa?

Galdera ona... ze erantzun guztiak otutzen zaizkit a posteriori. “Moskito” hitz bat da, ez dauka beste intentziorik. Gustatzen zaidan hitz bat da, apur bat aztoragarria, arraro uzten zaituena, deklinatu gabe doa, irekia da... gauza asko ditu, baina ez du intentzionalitate berezi bat. Titulu ireki bat nahi nuen, iradokitzailea izango zena.

Azalera [Borja Estankonak sinatzen du] burdin harizko eskultura baten irudia eraman duzu. Iradokitzailea hau ere.

Nire anaiak egindako azal bat da; alanbrez egindako eskultura baten argazkia da. Nahi nuen azala berak egin zezan eta itzela egin duela iruditzen zait, transmititzen duelako moskitoaren arintasuna, baina, era berean, intsektu horrek daukan indarra. Oso fina iruditzen zait, eta elegantea liburuaren azalerako.

Ederki, guregatik ongi Igor. Aipatu ez dugunen bat gaineratu nahiko bazenu...

Ez, horixe liburuaz. Baina besarkada bat nahi nieke bidali idatzi bai, baina, koronabirusaren garaiotan, argitaratzerik edo behar bezala aurkezterik izan ez duten idazle horiei guztiei.