Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Muturreko zailtasunari gogor eusten diote

Ashima Shiraishik Bishopen dagoen (AEB) «Evilution direct» eskalatu berri du. 14 metroko tsunami horrek 8a maila du. Bien bitartean, Daniel Woods «Off the wagon low» (8c+, Suitza) blokearen hirugarren igoerarekin egin da. Dagoeneko, maila horretako sei bloke ditu.

Osasun krisiaren aurretik, blokean jarduten duten espezialista sasoikoenak topera ibili dira. Eta batzuek, bederen, muturreko zailtasunean emaitza bikainak lortu dituzte. Besteak beste, hori gertatu zaie Ashima Shiraishi eta Daniel Woods estatubatuarrei.

Lehendabizikoari dagokionez, etxean ibili da. Hain zuzen ere, Bishopen. Inguru horretan tsunami edo garaiera handiko blokeek protagonismo berezia izaten dute. Eta oraingo honetan, eskalatzaile gazteak estilo horren alde egin du. Gogoratu behar dugu kirol eskaladan 9a+ mailara heldu dela, eta blokean emakumezko bakarra dela 8c zailtasuna sinatu duena. Baina, aurreratu dugun bezala, tsunami bat xede bezala izan du. “Evilution direct” du izena. Buttermilks sektore ezagunean dagoen tsunami horrek 8a maila du, eta 14 metroko garaiera. Horrenbestez, zailtasunak berak baino, arriskuak garrantzi handiagoa du. Horregatik, izaera horretako jardunetan soka erabiltzen ez denez, blokearen oinarrian makina bat crashpad edo koltxoneta jartzen dira. Jakina, izaten diren eroriko luzeak leuntzeko.

Shiraishi hiru egun aritu da Bishopen. Blokeko alderdi hori oso gustuko du: «Izen eta zailtasun handiko tsunami bat helburu nuen: ‘Evilution direct’. Probatu, mugimenduak aztertu eta pronto nengoen azken saiakerari ekiteko. Onartu behar dut eskarmentu berezia bizi izan nuela: eskuak gogortuta nituen, bihotzak oso azkar egiten zizkidan taupadak... Baina neure helburua erdietsi nuen. Blokea amaitu bezain pronto, 45 kilometro orduko haizetea altxatu zen. Tsunami hau igo duen bigarren emakumea naiz; pozarren nago, noski».

Sei 8c+

Bigarren protagonista estatubatuarra, berriz, Europan ibili da. Besteak beste, Suitzan. Daniel Woodsek, hori bai, tsunamiak alde batera utzi eta muturreko zailtasunean jo eta su jardun du. Egindako bidaian uzta ederra lortu du. Zehatzago esanda, buruan zuen bloke gogor baten korapilo guztiak askatzeko aukera izan du.

Val Bavonan dagoen “Off the wagon low” sinatu berri du. 8c+ zailtasuna duen boulder hori Dave Graham eta Chris Sharmak aurkitu zuten. Mugimenduak aztertu eta probatu ondoren, ez ziren gai izan lehen igoera egiteko. Ohore hori izan zuena Shawn Raboutou izan zen. Espezialisten kolektiborari bloke hori 8c+ bezala aurkeztu zion; hots, maila horretako lehena Suitzan eta, baieztatuta daudenen artean, seigarrena munduan.

Suitzako bloke hori igo bezain laster, Woodsek onartu du boulderreko jardunetan izan duen eskarmentu kitzikagarrienetariko bat bizi izan duela: «Indar zein zehaztasun handia eskatzen du. Saiakera bakoitzean ez nuen oso argi blokea gainditzeko gai izango ote nintzen. Horregatik, buruarekin kristoren borroka izan nuen. Ekinaldi askotan gertu nengoen goitik ateratzeko, baina bazegoen zer edo zer azken unean jokoz kanpo uzten ninduena. Indar asko eskatzen duen blokeen artean munduko onenetarikoa da».

Gogoratu behar dugu, berez, bloke horren lehen izena “Off the wagon” zela. Hots, boulder hori zutik hasten zuten. Nulla Hukkataival izan zen lehendabiziko igoera sinatu zuena. 8c zailtasuna eman zion, baina hurrengo errepikatzaileek 8b+ bezala utzi zuten.

Kontua da den-denek argi zutela Suitzako blokea eserita hasi behar zela, eta horregatik eskalatzaile batzuek plus hori gehitu nahi izan zioten. Sit edo low hitza erantsi zioten jatorriko bertsioari. Eta aurreratu dugun bezala, Woods izan da azkena hori lortzen. Zalantzarik gabe, estatubatuarra egungo espezialista zailduena da. Dagoeneko 8c+ mailako sei bloke ditu. Horietako lau lehen igoerak izan dira, eta beste biak errepikapenak.