Ane URKIRI ANSOLA
Elkarrizketa
JOSEBA BEITIA
MOHUN BAGAN TALDEKO FUTBOLARIA

«Lehen urte honetarako nituen espektatibak gainditu egin ditut»

Joseba Beitiak (Mutriku, 1990) bederatzi denboraldi eman zituen Espainiako Bigarren B Mailan (Reala B, Sariñena, Somozas, Marbella, Racing de Ferrol eta Real Union). 2019ko udan, baina, Indiako abentura probatzeko hautua egin zuen. Espainiatik kanpoko liga batean egin duen lehen denboraldia izan da eta Indiako Lehen Mailako txapelketa irabazi du. Goleko pase gehien eman dituen jokalaria ere izan da.

«Futbolari gisa, erretiroa heldu arte, han edo hemen, auskalo non, berdin-berdin jarraituko dut». Hori dio Joseba Beitia futbolariak. Indiako futbolera egin du jauzi sasoi honetan, Bigarren B Mailan ibilbide luzea egin eta gero. Ez daki aurrerapausoa izan den edo ez, baina gauza bat oso argi du: «Nire bizitzako urterik onenetarikoa izan da».

Indiako I-League txapelketa irabazi berri duzu Mohun Bagan taldearekin. Nola baloratuko zenuke denboraldia?

Urtea ezin hobea izan da. Lau jardunaldiren faltan irabazi dugu liga. Bigarren sailkatutik 16 puntura gaude, eta, matematikoki txapeldunak gara jada, nahiz eta ligako azken partidak bertan behera geratu diren. Denboraldia izugarria izan da, lehen egunetik hasi ginen ondo. Gauzak ondo eman dira, bai taldean eta baita taldetik kanpo ere. Nik uste dut nire bizitzako urterik onenetarikoa izan dela.

Ezjakintasunetik, zein puntu zehatzetan dago denboraldia? Bukatu duzue?

Orain denok ziurgabetasun puntu batean bizi gara hemen Indian. Liga bertan behera geratu zen lau jardunaldiren faltan, baina martxoaren 31n hasteko asmoa zuten berriz. Oraindik ez digute ezer baieztatu, baina nik uste dut lau jardunaldi horiek ez direla jokatuko. Jada badago txapeldun bat, baina ez dakit ziur zer gertatuko den.

Futbol ikuspuntutik, nolakoa da bertako jokoa? Eta irakurleari pixka bat azaltzeko, nola banatzen dira txapelketa ezberdinak?

Europako futbolarekin alderatuta, ezberdina da. Indian askoz beranduago hasten dira futbolean jokatzen. Hemengo klima ere askoz bortitzagoa da. Europan umetatik futbolean jokatzen dugunez, aurrerago gaude. Hemen jokoa fisikoagoa da, baina, egia esan, onerako harritu nau.

Denboraldia hiru txapelketa ofizialetan banatzen da. Lehena Duran Cup da, Kopa nazionala; gero, Calcuta League jokatu genuen, Kalkutako Liga; eta, orain, I-League jokatzen ari ginen, liga nagusi edo garrantzitsuena; alegia, betiko Lehen Maila. Beste Lehen Maila bat ere badago, frankiziek osatua, modu pribatuan kudeatzen dena.

Uztailean joan zinen Indiara, Kalkutara. Zer dela eta onartu zenuen bertako eskaintza?

Uztailaren 14an heldu nintzen, bai. Urte asko eman ditut Bigarren B Mailan jokatzen eta esperientzia berri bat probatu nahi nuen, eta aukera hau atera zitzaidan. Aukera ona zen bai ekonomikoki eta baita kirol arloari begiratuta ere. Asko pozten naiz etorri izanagatik.

Zuretzat aurrerapauso bat izan da futbolari bezala?

Ez dakit aurrerapauso bat izan den edo ez. Hori nahiko erlatiboa da. Bigarren B Mailan urte onak izan ditut eta aurten ere, Indian, egia esan, urtea ondo joan da eta ezin hobeto atera dira kontuak. Hemen gure ligak oihartzun gehiago du Espainian Bigarren B Mailak baino, eta esango nuke ekonomikoki ere aurrerapauso bat izan dela. Atzerriko ligetan ekonomikoki diru gehiago mugitzen da Bigarren B Mailan baino. Bi tokitan egon naiz ondo, bi tokitan sentitu naiz futbolari.

Nolakoa izan zen egokitzapena? Nork edo zerk lagundu zizun?

Atzerrira zatozenean, betiere errazagoa da entrenatzailea euskalduna denean, Jose Antonio Bikuña nire kasuan. Futbol kultura berdina dugu, pentsaera antzekoa, hizkuntza bera... Egokitzapena errazagoa izan da. Horrez gain, hiru taldekide espainiarrak dira. Beraiek izan ziren nire babesa hasiera batean. Gero bikotekidea etorri zen eta babes handia izan da niretzat.

Taldean sei atzerritar zaudete, beste guztiak hinduak dira. Nola dago futbola bertan? Etorkizunera begira, zein arlotan ari dira indarra jartzen? Mediatikoki hasten? Harrobian?

Talde bakoitzak sei atzerritar eduki ditzake. Muga bat dago. Beste guztiak hinduak dira. Egia esan, oso ondo ulertu dugu elkar eta plazer bat izan da niretzat beraiekin jokatzea.

Poliki-poliki hobetzen doa txapelketa, bai atzerritar gehiago etortzen direlako, bai beraiek ere, entrenatzaile atzerritarrak edukita, gazteago hasten direlako futbola barneratzen. Etorkizunera begira gorantz joango da Indiako maila, beraiek ere hobetzen joango dira-eta. Gero eta nazioarteko futbol eskola gehiago daude Indian kokatzen. Gazteentzako hori aurrerapauso bat da.

Mediatikoki oihartzun handia du futbolak, eta horrek harritu nau. Zaleen aldetik, futbola nola jarraitzen duten ikusteak harritu nau, partida guztietan milaka pertsona elkartzen dira estadioetan, kalean jende guztiak ezagutzen zaitu... Mediatikoki gure txapelketak Espainiako Bigarren B Mailak edota Bigarren Mailak baino jarraipen handiagoa du.

Harrobia ere aurrera doa, gazte gero eta gehiago aritzen dira futbolean eta selekzioa ere hobetzen joango da. Bertako entrenatzailea ere europarra da.

Ikurrinarekin ospatu zenuen I-League txapelketa irabaztea.

Ikurrina gordeta nuen. Banekien arreba zetorrela astebete lehenago eta ikurrina bat ekartzeko esan nion, niri uztailean ahaztu egin baitzitzaidan! Motxilan gorde nuen neurketa irabaziz gero zelaira ateratzeko. Neurketa bukatu eta ikurrinaren bila joan nintzen; Euskal Herria da nire herria, harro nago euskalduna izateaz eta mundu osoak ikus zezan nahi nuen.

Arreba ere bertan zenuen. Zer sentsazio eduki zenuen?

Bai, arreba eta bere bikotekidea etorri ziren. Oporretara etorri ziren, hamabi egun pasatzera, eta kasualitatez txapeldunak izan gintezkeen jardunaldia harrapatu zuten. Itzela izan zen. Poztasun izugarria. Oso zaila da edozein herrialdetako liga irabaztea eta lehen urtean lortzea poztasun bikoitza da.

Epaileak amaiera adierazi zuenean, nire bikotekideari, arrebari eta bere bikotekideari esan nien harmailetatik zelaira jaisteko. Zelaian ospatu genuen guztiok, taldekideekin eta beraien familiakoekin. Emozio handiko uneak izan ziren. Gainera, ez da izango ospakizun bakarra. Egun horretan ez genuen jaso garaikurra eta aurrerago egingo dugu ospakizun ofiziala. Kontua da koronabirusaren auzi honekin ez dakigula noiz ospatuko dugun ondo!

Famatu egin omen zara Indian...

Famatu? Ez dakit. Aldatu dena da hemen futbolak jarraipen gehiago duela eta guk Mohun Bagan bezalako talde batean jokatzen dugula, Espainiako Ligan Real Madril edo Bartzelona moduko talde bat. Gainera, jokalari maitatuenetariko bat bazara, ba oihartzun handiagoa duzu. Indian agian banaiz famatua, baina Mutrikura itzultzean bat gehiago naiz. Gainera, nire izaera dela-eta, bat gehiago izatea gustatzen zait.

Elkarrizketa batean zenion Indian garrantzi handiko jokalaria izatea nahi duzula. Bertan jarraitzeko asmoa duzu beraz?

Lehen urte honetarako nituen espektatibak gainditu ditut eta oso gustura nago. Ez dut ezer baztertzen, futbolean ezin duzu aterik itxi, baina gustatuko litzaidake atzerrian jarraitzea. Egin dudan urtearekin errazagoa izango da Indian eskaintza hobeagoak izatea, baina ez dakit zer gertatuko den.

Zer eman dizu esperientzia exotiko honek? Eta zer kendu?

Esango nizuke kendu ez didala ezer kendu. Salbuespen gisa, familia eta lagunetatik urrundu egin naizela urtebetez. Urruntasun hori izan da gogorrena, baina egunero hitz egin dugu telefonoz. Oro har esperientzia oso positiboa izan da bere osotasunean. Adibidez, gauzak gehiago baloratzen dituztela ohartzen zara. Pobrezia asko dagoen herria da eta konturatzen zara jendea gauza gutxirekin zoriontsua dela. Beti dute irribarrea ahoan. Oso aberasgarria izan da. Nire bizitzako esperientzia onenetarikoa izan da.

Zer izan da latzena?

Kulturen arteko talka. Kultura oso ezberdina da. Ikustea jendea kalean nola bizi den, nolako baliabide gutxi dituzten… Horrelako gauzak ikustea gogorra izan da. Ahalik eta ondoen eramaten saiatu gara, laguntzen saiatu gara soberan genituen gauzak beharra dutenei ematen... Hemengo klimara egokitzea ere zaila izan da. Bero asko egiten du, hezetasun asko dago eta hori ere ez da erraza izan guretzat.

Mutrikura itzultzeko gogotsu?

Bai, Mutrikura itzultzeko gogo itzela dut! Gainera, orain ez dakit noiz itzuliko naizen, ez dakigu-eta koronabirusak nola eragingo digun. Ziurgabetasun egoera horretan gaude. Baina bai, itzultzeko gogoa daukat, atsedenaldi bat hartu eta udara bertan igaro nahi dut.