2020/03/30

JOSEBA GARMENDIA
EHU-KO EKONOMIA IRAKASLEA

Koronabirusaren krisia hasi zenetik, Joseba Garmendia (Urretxu, 1968) pandemia honek ekonomian duen eragina aztertzen ari da eta barne produktu gordinaren %10eko jaitsiera ekar dezakeela dio. Madrilgo Gobernuak gaurtik aurrera ezarri duen konfinamendu osoa hasieratik jarri izan balitz, gaixo eta hildakoen kopurua nabarmen murrizteaz gain, faktura ekonomikoa ere erdira jaitsiko litzatekeela uste du. Garmendiaren iritziz, beraz, ez dago osasunaren eta ekonomiaren arteko dilemarik edo eztabaidarik.

«Osasun eta ekonomiaren arteko dilemarik ez dago, biak bat datoz»
Joseba SALBADOR GOIKOETXEA|DONOSTIA
0330_eg_garmendia

Pandemiaren inpaktu ekonomikoa neurtzea ez da gauza erraza. Egun batetik bestera datuak aldatzen ari dira eta derrigorrezkoa da agertoki desberdinak planteatzea, batez ere kontuan hartuta Sanchezen Gobernuak erabaki berri duen konfinamendu osoak guztiz aldatuko dituela gauzak. Izan ere, gaurtik hasi eta apirilaren 9ra bitartean luzatuko den egoera berrian «funtsezkoak» ez diren jardueretako langileek etxean geratu beharko dute, ordaindutako baimen batekin. Egoera ikusita, Joseba Garmendia Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomialariak agertoki bakoitzak zer-nolako eragin ekonomikoa izango duen aztertu du, eremu bezala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartuz.

Zure ikerketaren xedea pandemiaren inpaktu ekonomikoaren estimazioa egitea izan da.

Bai, ikerketaren hasierako planteamendua horixe zen, inpaktu ekonomikoa neurtzea, baina hor gertatzen dena da astetik astera gauzak aldatzen doazela. Orain arte, konfinamendu partzialaren estrategia ezarri da, eta, ondorioz, etxetik lan egiterik ez zuena lantokira joan da. Aldi berean, elikadurari lotuta ez dagoen merkataritza itxita egon da. Beraz, konfinamendu partzial horrek baditu jada ondorio batzuk eta ekonomikoki neurtu egin daitezke. Orain, berriz, funtsezkoak ez diren jarduerak gelditzeko Espainiako Gobernuak hartu duen erabakiak beste agertoki bat ireki du.

Hain zuzen ere, zure ikerketan garrantzi berezia ematen diozu konfinamendu mota bakoitzaren eraginari, ezta?

Bai, ikerketa honen bigarren helburua da jakitea zer suposatzen duen konfinamendu osoak, hau da, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoen itxierak. Hori egiteko, input eta output tauletan oinarritutako teknika analitikoak erabili ditut, horien bidez nahiko ondo neurtu daitekeelako horrek zer suposatzen duen ekonomia bateko 84 adarretan.

Aipatutako emaitzen artean, konfinamendu oso horrek lehenago edo geroago ezartzeak izango lituzkeen ondorioak agertzen dira, ezta?

Hori da, argi zegoen iritsiko zela momentu bat non ez zen beste erremediorik geratuko konfinamendu oso hori ezartzeko. Hala ere, zehaztu nahiko nuke konfinamendu mota berri hau ez dela erabat osoa izango, izan ere, langileen %33 lanera joango dira edo etxetik egingo dute lan. Adibidez, hezkuntza sistema guztia lanean dago, eta hori Euskal Autonomia Erkidegoan 65.000 langile inguru dira, administrazioan beste 56.000, osasungintzan beste 55.000... Bestetik, elikadurarekin lotutako sektore guztiak ere lanean jarraitzen du eta, are, jasotzen dituzten eskaerak igo egin dira. Beraz, konfinamendu osoak ez du esan nahi jarduera ekonomiko guztiak itxi behar direnik, baizik eta funtsezkoak ez direnak bakarrik. Beraz, input eta output taulen bitartez jakin daiteke mantentzen diren jarduerek zer-nolako eragina duten beste jardueretan, hau da, zer garraio behar egon daitekeen, zer zerbitzu osagarri, argindarra...

Eta zein da ikerketak eskaintzen digun ondorio nagusia?

Ondorio nagusia izango litzateke, derrigortuta gaudela, pandemiaren bilakaeragatik, neurri gogorragoak hartzera, zientifikoek esaten duten moduan.

Zure iritziz, orduan, zenbat eta lehenago ezarri konfinamendu osoa, faktura txikiagoa?

Bai. Nik aztertzen dudana da, astez aste, zenbateko inpaktua izango lukeen agertoki bakoitzak barne produktu gordinean, enpleguan... Eta iristen naizen ondorioa oso argia da: lau aste atzeratu izan bagenu konfinamendu osoa, hildako kopurua izugarria izateaz gain, faktura ekonomikoa bera ere oso handia izango litzateke. Adibidez, barne produktu gordinaren beherakada %7,45ekoa izango litzateke. Aldiz, iragan astean hartu izan bagenu konfinamendu osoaren estrategia –jarduera ekonomikoaren %66 gelditzea suposatzen duena–, barne produktu gordinaren jaitsiera %5etik beherakoa izango zen.

Orduan, batzuek ekonomiaren eta osasunaren arteko dilema dagoela irudikatu nahi izan duten arren, esan beharra dago eztabaida hori ez dela existitzen. Zenbat eta lehenago hartu osasunarentzat onuragarria den konfinamendu osoaren estrategia, faktura ekonomiko txikiagoa eta bizi gehiago salbatzen dira. Bi estrategiak, azken finean, bat datoz.

Azken datuen arabera –pasa den ostiralekoak–, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek kaltetutako langile kopurua 113.557 lagunekoa da jada Euskal Autonomia Erkidegoan. Zure azterketan zenbatu al duzu konfinamendu osoak zenbat langile utziko lituzkeen lanik gabe?

Konfinamendu osoa ezarrita, lanera joaten ari zirenen kopurua %77 murriztuko da. Suposatuz zerbitzuetako guztiek etxetik lan egin dezaketela edo osasun neurriak har ditzaketela, eta, beraz, industriakoak, eraikuntzakoak, garraiokoak eta etxeetako jardueretakoak ari zirela soilik lanera joaten, orain arteko egoeran gutxi gora behera 322.000 langile mugitzen ziren Euskal Autonomia Erkidegoan lanera joateko. Aldiz, konfinamendu osoko estrategiarekin, 72.000 langile bakarrik mugituko dira, hau da, 250.000 gutxiago (%77 gutxiago). Horrek, noski, asko murriztuko du gaixotzeko arriskua.

Zure ikerketan, agertoki bakoitzean hildakoen eboluzioa nolakoa izango litzatekeen ere aztertzen duzu.

Bai, eta esan beharra dago konfinamendu osoarekin hildakoen hazkundea %5era mugatzea lortuko bagenu ere, hemendik aste batzuetara kopurua oraindik ere oso altua izango dela, mila hildakotik gorakoa. Baina konfinamendu osorik gabe, kopuru hori hirukoiztu egingo litzateke, hazkundea %20koa izango litzatekeelako egunetik egunera.

Bestalde, zure iritziz onuragarriagoa da enpresen itxiera administrazioaren dekretuaren baitan egitea, beste erremediorik ez zegoelako baino.

Hala da. Enpresarentzat hobea da legeak esatea lantokia itxi egin behar dela. Zergatik? Enpresari batzuk, beren kontratuak betetzen ez badituzte, zigortu egingo dituztelako. Adibidez, automozioko multinazional handiekin lan egiten duten hornitzaile txikiek bete egin behar dituzte kontratuak, bestela penalizazio handiak dituztelako. Aldiz, itxiera legez dekretatu bada eta gaia auzitara iristen bada, enpresak segur aski argudia dezake atzerapena ez dela bere erruagatik izan, baizik eta behartuta jokatu duela. Horrez gain, hartu beharko litzatekeen beste neurri bat kontratuen epeak automatikoki bi edo hiru hilabetez luzatzea da. Orduan, enpresek helduleku bat izango lukete argudiatzeko epe guztiak luzatu egin direla. Eta horrek berdin-berdin balio beharko luke hipotekentzat, alokairuentzat...

Horregatik diot diferentzia handia dagoela enpresen itxiera legeak behartuta egitea edo erabaki propioz edo ezinbestean egitearen artean. Izan ere, azken egoera horretan enpresak galtzen aterako lirateke.

Zure ikerketan aipatzen dituzun konfinamendu osoko agertokietan, barne produktu gordinaren jaitsiera %4,85ean finkatzen duzu. Ez al da oso portzentaje baikorra?

Nik aipatzen dudan agertokia gaixotasunaren hazkundea gelditzen den momentura artekoa da soilik. Hori bai, gero ikusi egin beharko da, behin kutsatze tasak ez daudenean, konfinamendu egoeratik zer fasetara igarotzen garen. Suposatzen dut graduala izango dela hori. Nik ez dakit zenbat iraungo duen egoera honek, diotenez, bi hilabete izango dira, beraz, lau aste gehiago, hau da, lau puntu gehiago. Orduan, agertokirik onenean, barne produktu gordinaren jaitsiera %9 edo %10 izatera iritsi daiteke.

Azkenik, konfinamendu osoaren aurka agertu direnek, jarduera berreskuratzeko zailtasunak aipatu dituzte.

Lehenik eta behin kontuan izan behar da enpresen bezero nagusiak, partikularrak eta enpresak, Hego Euskal Herrikoak bertakoak direla. Eta egoera hau igarotzen denean enpresa berdinei erosten jarraituko dutela. Gaur erosi ezin ditugun jantziak, autoak, etxeko tresnak, altzariak... aurretik pentsatutako enpresa berdinei erosiko dizkiegu behin egoera hau gainditzen denean.

Hau da, hemengo enpresak modu sinkronizatuan sartuko gara itxiera edo lozorro egoera honetan eta modu sinkronizatuan aterako gara. Hego Euskal Herriko produkzioaren %71,13 Hego Euskal Herrian bertan saltzen da. Gainera, Estatua ere egoera berean da, eta, beraz, aurreko ehunekoan Estatua ere barneratzen badugu, %71,13ko portzentajea %83,40ra igotzen da. Eta haratago bagoaz, kontuan hartuz Europan ere pandemia hedatzen ari dela eta enpresak ere ixten ari direla, Hego Euskal Herrian zein Estatuan saltzen denari Europara saltzen dena gehitzen badiogu (%10,86), berreskuratuko ditugun bezeroak dira %94,26. Arazoa pandemia bizi ez duten herrialdeak ezin hornitzetik etor daiteke. Baina asko jota produkzioaren %5,74 besterik ez da, eta are gutxiago AEBetan eta Latinoamerikan ere pandemia hedatzen bada.

ATZERATU


«Lau aste atzeratu izan bagenu konfinamendu osoa, hildako kopurua izugarria izateaz gain, faktura ekonomikoa ere oso handia izango litzateke: barne produktu gordinaren %7,45eko beherakada»

AURRERATU


«Iragan astean hartu izan bagenu konfinamendu osoaren estrategia, barne produktu gordinaren jaitsiera %5etik beherakoa izango zen»