Asier ROBLES

TEKNOLOGIAREN BITARTEZ KOMUNIKATZEKO TRESNAK

Koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarri den konfinamenduak gure egunerokotasuna sakonki aldatu du. Baina aurrez aurre fisikoki sozializatzeko ezintasuna gainditzeko, hainbat bitarteko eskaintzen ditu teknologiak, bai aisialdirako, bai lanerako.

Koronabirusaren pandemiak biztanleria berrogeialdian jartzera eraman ditu herrialde asko. Horrek lantoki askoren itxiera ekarri du, eta etxetik irten ezin izateak lagun edo senideekin fisikoki sozializatzea eragozten du.

Zalantzarik gabe, egoera honek erabat aldatu du gure egunerokotasuna, baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta sozializazioa funtsezkoa da. Horregatik, plaza, parke edo taberna batean hitz egiteko ezintasunaren aurrean, azken aste honetan sare sozialen edo aplikazio komunikatiboen erabilera biderkatu egin da.

Aski ezagunak dira Facebook edo Instagram bezalako tresnak, lagunek igotzen dituzten argazkiak eta postak ikusteko; Whatsapp, Telegram edo Signalen bat-bateko mezularitza zerbitzuak; edo Skyperen bideo deiak. Ohiko tresna horien erabilera nabarmen handitu da, baina horiez gain, beste aplikazio batzuk ere gorantz ari dira.

Aisialdirako «app»-ak

Horren adibide da Houseparty. Ez da app berri bat, baina koronabirusaren krisiak eragindako konfinamendua hasi zenetik modan jarri da. Aplikazio honek gehienez zortzi laguneko bideo deiak egiteko aukera ematen du. Baina hori ahalbidetzen duten beste aplikazioetatik bereizten duena jolasak dira. Logela birtual antzeko bat sortu dezakezu lagunekin, eta bertan “Pictrionary”, “Trivial” edo “Nor naiz” bezalako jolasetara aritu ahal zara. IOS, Android, Windows, Macintosh eta Google Chromerako eskuragarri dago.

Bideo jokoen zaleentzat, Discord dago. Helburu askotarako erabil daitekeen arren, ospe handia izan du gamer komunitatean. Lagunekin elkartzeko eta partidak antolatzeko aplikazio oso aproposa da, jokatzen ari zaren bitartean, beste pertsona batzuekin hitz egiteko aukera ematen du ahots-txat funtzioaren bitartez, eta bideokonferentziak ere egin daitezke.

Zure lagunekin film edo telesailak ikustea faltan hartzen baduzu, azken astean birala egin den Netflixen funtzionalitate berria asko interesatuko zaizu: Netflix Party. Honek sinkronizatu egiten du bideo erreprodukzioa hainbat lagunen artean, eta taldeko txat bat gehitzen du filma elkarrekin komentatzeko. Netflix Party Chromeren doako luzapen bat da, eta, beraz, nabigatzaile horrentzat bakarrik dago eskuragarri.

Deskargatu ondoren, film bat aukeratu eta NP izeneko ikonoa agertuko zaizu, eta bertan 'Start Party' botoia sakatuz zure lagunak gonbidatzeko esteka bat sortuko duzu.

Lanerako tresnak

Konfinamendu honek pertsona askok etxetik lan egin behar izatea eragin du. Lan gehienetan lankideen arteko komunikazioa ezinbestekoa da, lana antolatzeko, zereginak banatzeko edo elkarlanean aritzeko. Hori ahalbidetzeko hainbat aplikazio daude eskuragarri.

Elkarlanerako oso ezaguna da Google Drive. Bertan, dokumentu bat edita daiteke hainbat pertsonaren artean aldi berean, automatikoki sinkronizatzen baita. Dokumentua editatzen duzun bitartean txat bat zabaltzen da lankideekin hitz egiteko, eta testuan oharrak jar ditzakezu besteek ikusteko. Tresna horren oso antzekoa da NextCloud, eta software librekoa da.

Jitsi bideokonferentzia, VoIP eta berehalako mezularitza aplikazio bat da, iOS eta Android sistemetarako aplikazio natiboekin eta Windows, Linux eta Mac sistemetarako euskarriarekin, webgunearen bidez. Software librekoa da. Jitsirekin ez daukazu konturik sortu beharrik, helbide baten bidez sartu ahal zara taldeko bideokonferentziara. Oso baliagarria da taldeko lanetarako.

Zoom programak bideo bidezko deiak eskaintzeaz gain, mezuak aldi berean idazteko eta gainerako erabiltzaileekin edozein artxibo partekatzeko aukera ematen du. Ez da beharrezkoa aplikazio horretan erregistratzea erabili ahal izateko, Gmail edo Facebookeko kontu bat erabiliz sar baitaiteke. Saio horiek grabatzeko aukera ematen du, geroago ikusteko. App hau gehienbat lan arlorako erabili izan da, baina konfinamendu egoera honetan, aisialdirako tresna gisa baliatzen ere hasi dira erabiltzaile asko.