2020/04/01

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Onenetan onenak
Ez genuke konparatu behar gure herria Txinarekin, esate baterako. Baina konparatuko bagenu, onartu beharko genuke, frustraziorik gabe, txinatarrek gurea baino gastronomia aberatsagoa dutela

Ez dago zalantzarik: hemen bezala ez da inon jaten. Munduko gastronomiarik onena dugu, jakina. Espainiar Estatuko osasun sistemarik onena da EAEkoa; eta espainiarra da munduko osasun sistemarik onena, ergo… Donostiakoa da munduko hondartzarik politena. Arabako Errioxan egiten da munduko ardorik onena... errepikaren errepikaz, sinetsi ere sinetsi ditugu horiek guztiak eta gehiago. Euskaldunak gara, eta harro gaude.

Orain pare bat hilabete, GARAn argitaratutako elkarrizketan, Gobernuan ari den politikari profesional bati aspaldi entzun diodan egia handiena bota zion Bingen Zupiria Kultura sailburuak gure zuzendari Iñaki Sotori: «Gure herria txikia da, eta ematen duena ematen du». (Gaztelaniatik egindako itzulpen gutxi gorabeherako hau nirea da).

Arteari buruz ari zen Zupiria. Gure benetako tamainaz ahazteak gehiegizko anbiziora eraman gaitzakeela, eta hortik frustraziora. Sanoa litzatekeela beste hainbat alorretan ere egia handi horixe gogoan izatea –herri txikia dela gurea–, baita ondoko tautologia ere –ematen duguna ematen dugu–. Ados.

Akaso laster entzungo diegu beste arduradun politiko batzuei Covid-19aren krisiaren kudeaketan ezin izan dutela gehiago egin, ez dagoela ohe nahikorik ospitaleetan, ematen duguna ematen baitugu. Edo herri txikia garela eta zabor gehiegi ekoizten dugula gure neurrirako. Eta arrazoia aitortuko diet, nik behintzat.

Ez genuke konparatu behar gure herria Txinarekin, esate baterako. Baina konparatuko bagenu, onartu beharko genuke, frustraziorik gabe, txinatarrek gurea baino gastronomia aberatsagoa dutela eta, seguru asko, osasun sistema hobea. Irakaskuntza sistema ere bai, eskolaurretik unibertsitatera. Guk ematen duguna baino gehiago eman dezakete haiek, noski.

Hori bai, ez dute oraingoz Arabako Errioxako ardorik egiten. Eta polizia-estatu fama izan arren, Txina ez da gure ehunekoetara iristen. 100.000 biztanleko 120 polizia dauzkate han; 541 hemen. Txinako polizia bakoitzeko, 4,5 guk. Beste ezertan ez dakit, baina polizietan, bai: polizietan, onenetan onenak gara.