Maddi TXINTXURRETA

ZAINTZA KRISIAREN «INFLEXIO PUNTUA»: IRAULI ALA BETIKOTU

Euskal Herriko mugimendu feministak, beste hainbat eragilerekin batera, lan mahai tekniko bat osatu du koronabirusak eragindako ezohiko egoerak azalera ekarri duen zaintzaren krisia iraultzeko estrategiak pentsatu eta tresnak sortzeko.

Aspalditik datorren krisia da zaintzarena, eta aspalditik ari dira feministak zaintza lanak berrantolatu eta iraultzeko borrokan. Orain, koronabirusak ekarritako egoerak azaleratu besterik ez du egin gaur egungo sistemak zaintza sostengatzeko dituen arazoak. Horregatik, Euskal Herriko mugimendu feministak zaintzaren krisiari aurre egingo dion lan mahai tekniko bat sortu du.

Mahai teknikoak bilera bakarra egin du oraingoz, telematikoki halabeharrez, mugimendu feministaren, sindikatuen, alderdi politikoen eta beste hainbat eragileren partaidetzarekin. Orain, lan mahai teknikoa bi norabidetan ari da lanean. Mugimendu feministaren baitan koordinazio espazio bat artikulatzen, batetik, eta mahaiaren prozesua garatzen, bestetik; printzipioz, ezohiko egoeraren diagnostiko partekatu bat ontzeko eta esku-hartzeko tresnak sortzeko asmotan.

«Ikusten ari ginen Covid-19aren krisi honetan erabiltzen ari zela hizkuntza beliko bat, kanpoko etsai bat garaitu behar balitz bezala, eta, horren harira, kontrol soziala eta gehiegikeria poliziala areagotzen ari zela. Ospitaleetan ez zegoen maskararik, baina pistolak kalean bai, eta iruditzen zitzaigun ez ginela hitz egiten ari benetako arazoaz. Eta benetako arazoa da jendarte patriarkal eta kapitalista honetan zer dagoen erdigunean», azaldu du Amaia Zufia Bilgune Feminista eta lan mahai tekniko berriaren koordinazioko kideak.

Lan mahai tekniko honek talde feministen eta bestelako eragileen informazioa jaso du, tokian toki krisi honen harira egin duten diagnostikoaren berri izateko eta gertatzen ari diren egoera zaurgarriak izendatzeko. Badira kolektibo batzuk pandemiak sortutako egoeran beraien bizi- eta lan-baldintzen murrizketa jasaten ari direnak; kasurako, zaharren egoitzetako langileak, mendekotasun handiko pertsonak, osasun gaitzak dituztenak, sexu langileak, telelanean dabiltzanak –«telelana zer da, kontziliaziorako bide bat edo jardunaldi hirukoitza?», galdetzen du Zufiak– eta, batez ere, genero indarkeria jasaten ari diren emakumeak.

«Oso egoera bortitzak ikusten ari gara lan alorrean, lan produktibo zein erreproduktiboetan. Eta, gainera, indarkeria egoeren areagotze larria gertatu da. Koronabirusaren krisia hasi zenetik hiru emakume hil dituzte Euskal Herrian. Oso zaila izaten ari da kontabilizatzea eta sistematizatzea eraso matxisten kopurua eta baliabideak jartzea. Horrekin oso kezkatuta gaude», nabarmendu du Zufiak.

Emakundek joan den astean jakinarazi zuen indarkeria matxistari lotutako salaketak erdira jaitsi direla konfinamendu garaian. Amaia Zufiaren aburuz, horren arrazoia ez da indarkeria benetan gutxitu dela, eta salaketak gutxi badira, «jarri diren baliabideak ez direlako nahikoa izan da». «Erakundeetatik gaur-gaurkoz ez dira gai etxeetan, beraien erasotzaileekin itxita dauden eta indarkeria maila oso altuak jasaten ari diren emakumeengana ailegatzeko. Zaila da errealitate horietara iristea, baina badaude herriz herri eta auzoz auzo martxan jartzen ari diren zaintza sareak, eta kasu askotan pentsatzen ari dira nola egin aurre horrelako egoerei. Guri dagokiguna da ezkutuko errealitate gordin horiek izendatzea, gure diagnostikoa jasotzea, eta horri aurre egiteko ahalik eta aldarrikapen eta neurri egokienak eskatzea».

Kolapsotik berregitera

Zufiak adierazi duenez, koronabirusak eragindako agertokia «inflexio puntua» izango da, eta egoera honek bi bide har ditzake konfinamendua eta bestelako neurriak indargabetzen direnean: «Okerrera egin dezakegu edo baliatu dezakegu egiturazko arazoetara eta muinera joateko». Mugimendu feministak bigarren aukerari heldu nahi dio. Alarma egoera igarota, normaltasun berrirako berregituraketak ekar baitezake, Zufiaren iritziz, batez ere emakumeen eta sektore prekarioenen «sakrifizioa».

Egoerari, mingarria bada ere, probetxua ateratzeko momentua izan daiteke, beraz. «Azken hilabeteetan ikusten ari gara gatazka biologiko eta ekologikoekin, dela Zaldibar, dela koronabirusa, kapitalismoak porrot egin duela eta zibilizazio krisi handi baten aurrean gaudela. Jokoan dagoena, planeta, bizitza eta gizaki espeziearen biziraupena bera da. Argi dago ekonomia finantzarizatu honek eta gaur egungo neoliberalismo globalizatuak ez dituela gizakion behar materialak bermatzen eta planeta suntsitzen ari dela, oso martxa azkarrean gainera. Hau da agerian geratzen ari dena», dio Bilgune Feministako kideak.

Egungo sistemaren porrotaren alternatiba «ikuspegi integral» batetik egindako berregituratzea dela defendatzen dute feministek, zaintza sistema errotik aldatzea, eta horrek zaintzaren publifikazioa eskatzen du, are, publikotasunaren eztabaida eta berrantolatze sakona.

Mahaian eseri ez direnak

Zaintzaren krisiari aurre egiteko mahaiak hanka garrantzitsu bat falta du, ordea. EAEko eta Nafarroako gobernuek ez diote erantzun mugimendu feministak mahaian parte hartzeko egin zieten eskaerari.

«Argi dago, guk eredu aldaketa baten inguruan hitz egiten dugu, egiturazko botere harremanak aldatzeaz, eta ez gaitu harritzen EAJk, PSNk edo PSE-EEk horretaz hitz egin nahi ez izateak», agertu du Zufiak, baina onartu du, hala ere, mahai teknikoak egun daukan behar handienetako bat dela erabakiak hartzen diren guneetan eragitea eta «feminismotik hainbat proposamen martxan jartzea».

Hortaz, erabakiguneetara ezin iritsita, «zubi» gisa baliatuko dute mahaia, gobernuei presioa egiteko.

PPk eta Geroa Baik ere ez dute mahaian parte hartu; EH Bilduk, Podemosek, Equok eta Ezker Batuak, ordea, bat egin zuten lehenengo bileran.

Alta, agente garrantzitsu batzuek bizkarra emanagatik ere, lan mahai teknikoak segituko du feminismotik «ezagutzak egoera honetara berregokitzen» eta zaintza unibertsalaren alde estrategiak eta bideak artikulatzen. «Ikusi behar dugu, etorriko den buelta horretan, zeina inork ez dakien nolakoa izango den, zeintzuk izango diren presioa egiteko eta mobilizatzeko bideak. Seguruena, bide berri batzuk urratuko ditugu», esan du Amaia Zufiak.