Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ez-ezaguna zerra-hortzetan bidaide!

Zein egunetan bizi naizen jakiteko pastilla-kutxan begiratu behar, kontuak atera! «Guretzat berdin dira astea eta jaia, konfinamendua da balkoirako gaia…». Ama, ama! Inoiz baino gehiago datozkit egunotan gogora antzinako kantak, bai Antzinako! Albistegietan birusik ez zen garai hartakoa, bueno, ohiko albisteetatik kanpoko birusik esan nahi dut! Hain da dena arraroa egunotan, etxea ziega eta balkoia patio. Are gehiago, jakingo ote dugu nonoiz normaltasun hartara bueltatzen? Eta are gehiago ere, nahi izango ote dugu hura izan zena berriro normaltzat hartzea? Txertoa behar dugu bai, birusa joanda ere.

Bada bai, berrabiarazi beharko dugu geure buru-sistema, autonomoagoa egin, lurrari lotuagoa, kilometrotan zeroari lehentasuna eman, soziopolitikoan berriztagarrietan berriztu, osasun-sistema ekonomiaren gaitzera zabaldu, oparotasun materiala buru-eskasiatik birpentsatu, hazkundea deshazkunde zoriontsutik… Bitartean, irakatsi ezinean, ikasle hutsak gara. Kosta egin zaigu kurba baten pikoaren esangura baliagarria harrapatzea eta orain kurbaren zerra-hortza dugu ikasgai, orain gora orain behera, nonoiz agorraldia etorriko delakoan… inoizko ez-ezaguna dugun geroaldi baten atari.

Krisia dugu zeharkaldi honetan bidaide, are gehiago, antolatzaile! Larrialdi-krisia gaurkoa! Aitortu behar dut, krisi garaian inoiz ez zait fidagarria begitantzen gorbata baten atzetik konfiantza ematera datorrena, are gutxiago pulpitutik ari bazait. Fede kontua, seguruenik. Amen. Zin dagit, eta ez legearen aginduaz oraingoan.

Total, bertsolaria gogoan, birus-alditik ateratzean frogatuko da zelakoa den estatua! Ongizate-estatua, kasu honetan. Izan ere, garaia izango da orduan ongi-izatea eta ongi-egotea biak zein biak berpentsatzeko eta biek zein biek ondo-ondoan behar duten egiazko estatua bideratzeko, zerra-hortzak zerra-hortza…