2020/04/06

Jon GARMENDIA
Idazlea
Beti Mugan

Etxe ondoan okindegia dudala oroitarazi dit Montreuil andereak Labechiloa atarian nire txanda itxoiten nengoela. Ez diot erran igandeetan itxia dela nire etxe ondokoa, ezta batzuetan hona etortzen naizela ere. Herrigunean birusa norbaitek zabaldu behar duela erantzun diot, umore aldetik gutxi asmatu dudan esaldia osatuz, bere senarra atera da orduan balkoira, «clown» bat naizela erran dit, eta eskuko hatz luzeena erakutsi dit.

Ixa erraldoi bat ezarriko didate bizkarrean gaurtik goiti, edo izanen nuen lehendik, beraz, itxura gutxiago eta «bonjour» bat eskas normaltasunera itzultzen garenean. Baldin eta itzultzen bagara.

Ilaran herriko ezagunak ikusi ditut, lehen eskua ematen genion elkarri, eta bi muxu batzuetan, «Ça va?» xalo bat, orain ipar polokoak bilakatu garela iduri du, izurria duena zu zara, eta bakoitzak berea da legea.

Balkoietako poliziena larria iruditzen zait ordea, irakurria nuen sare sozialetan, baina ez nuen usteko hona ailegatuko zenik. Hilabete luzatuko bada hau gaiztotzen joango garela pentsatu dut azkenean, esperantzak muga baitauka, jendearen ustezko ontasunak bezala. Naturako izaki guztiek dute beren predatzailea, baita gizakiak ere, gizakia bera.

Heldu zaizkit Beti Mugan handiak belarrietara, “Homo homini lupus” kantatzen: «Gizona gizonarentzat otsoa ez da besterikan, George Ruault-en koadroan ulertu nuen dena, urkatu bat zuriz jantzia gure dantza beltzean. Denok gera errudunak errua ez bada inorena. Zaborrak eta odola gure egoeraren lekuko, kale estuetan bizi gera. Kale estuetan bukatuko».