2020/04/07

23.000 euroko beka emango du Korrikak
GARA|DONOSTIA

Korrika Kulturalak lan bat 23.000 euroko bekarekin sarituko du bi urtetik behin, «euskal kulturaren baitako sormen lana» bultzatzeko asmoz. Lanak 2020ko urriaren eta 2021eko urtarrilaren artean aurkeztu beharko dira.

Euskal sortzaile ororentzat zabaldutako deialdia da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezakeena eta, baldintza gisa, lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dira.

Ohar eta bideoaren bidez antolatzaileek azaldu dutenez, bekaren xedea «euskal kulturaren baitako sormen lanak bultzatzea» da, eta, Korrikaren 23. ediziotik aurrera, «Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea».

Beka 23. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2022ko azarotik 2023ko apirilera, hain zuzen.

Bekaren ezaugarri guztiak dagoeneko zabaldu dira ekimenaren webgunean, eta proposamenak 2020ko urriaren eta 2021eko urtarrilaren artean aurkeztuko dira.

Berrikuntza

«Urrats hau eginda, hemendik bi ediziotara begira jarriko gara: batetik, kultur sorkuntzari beste bultzada bat emateko; bestetik, Korrikako kultur eskaintza guztiz berritzeko», esan dute.

Hori dela-eta, tartean izango den edizioa, hau da, 22. Korrika, 2020ko azaroan aurkeztuko dutenez, «kultur eskaintza beste era batean osatuko dugu, elkarlana bultzatuz, Euskal Herrian abian izango diren sorkuntza lanak Korrikan ere sustatuz eta leku gehiagora eramanez».