Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Mukiak

Begoñaren biloba mukiak ateratzen ari da pantailaren aurrean. Asteak darama etxetik atera ezinean eta denbora nolabait pasa behar da. Pantailaren bestaldean ipuin kontalaria Youtuben ipuinak kontatzen zuzenean. Badirudi haurrak interesarekin jarraitzen duela kontaketa. Kontalariak, zuzenean ari denez bere etxetik, ez ditu haurren erreakzioak ikusten, ezta entzuten ere; beraz, irudimen ariketa bikoitza egin behar du. Alde batetik kontaketak eskatuko diona, eta, bestetik, haurrak ipuinak entzuten imajinatuz. Ez da, beraz, oker pasa esperientzia.

Itxialdia hasi eta lagunei, batez ere haurrak dituztenei, zerbaitetan egoera arindu nahian hasi nintzen ipuinen grabazioak bidaltzen, batez ere NAIZen orain sei urte, Gure Esku kanpainarekin bat eginaz, eskainitako 100 ipuinetatik niri zegozkidanak. Alde batetik, itxialdia arintze aldera, baina baita ere ezagutzera emateko ipuinetan euskaldunok dugun altxorra. Eta gero, zergatik ez, beste askok bezala, sareetan argitara eman. Eta harritzekoa da zer-nolako dinamika dagoen kontalarien aldetik ipuinak saretzen, honek ekartzen duen jardunaren bisualizazioarekin. Eta pozgarria da hori. Uste dut, ordea, beste urrats bat egin behar dela. Kontaketa saio guztiak bertan behera gelditu dira, honek ekarri du lehendik prekarioa zen egoera orain larrialdian sartzea. Horren bisualizazioa ere ezinbestekoa da. Agertu egin behar da sortzaileen egoera larria eta Administrazioaren aldetik neurriak eskatu. Mukiak jan nahi ez baditugu behintzat.