2020/04/07

Zubeldia, etxean akatsak zuzentzen

«Nire partidak ikusten ari naiz, batez ere gaizki egiten ari naizena gerohobetzeko eta etorkizunean jokalari hobea izateko», onartu du jokalariak.

Imanol CARRILLO
0407_kir_zubeldia

Igor Zubeldiak 23 urte bete berri ditu. Martxoaren 30ean ospatu zituen, etxean sartuta, konfinamendua dela eta. Hasiera batean berrogeialdia «oso gogorra» egingo zitzaiola uste bazuen ere, egunak joan ahala, «nahiko erraz» eta «ahal dudan hoberen» eramaten saiatzen ari da jokalari txuri-urdina. Hala onartu zuen, behintzat, Realak antolaturiko prentsaurreko birtualean.

Zubeldiak mendeurrena ospatu ahal izan zuen talde donostiarrarekin Liga eten aurretik. «Debutatu nuen egunean ez nuen sekula pentsatuko 22 urterekin 100 partidara iritsiko nintzenik Realarekin. Zenbaki horretara iritsi aurretik lan asko egin dut, meritu propioagatik iritsi zait. Oraindik oso gaztea naiz eta onena iristeko dago. Borrokan jarraituko dugu», esan zuen erdilariak.

Lau urte pasa dira debuta egin zuenetik, eta uste du «urtetik urtera aurrerapausoak ematen» joan dela. «Orain momenturik onenean nagoela esango nuke. Hala eta guztiz ere, espero dut hobetzen joatea», gaineratu zuen.

Izan ere, Asier Illarramendiren lesioak minutuak eman dizkio Zubeldiari aurten. Baina bere lana ez da aurtengoa, atzetik dator. «Iaz behar nuen pauso hori eman nuen. Nire konfiantza handitzen lagundu zidan», azpimarratu zuen erdilari zein atzelari postuan jokatu dezakeen futbolariak.

Orain Ligarik ezin dela jokatu ikusita, jokalari azkoitiarrak ez du denbora galdu nahi –«sukaldatzen eta partida batzuk ikusten aritzen naiz, zakurrekin jolasten, kirola egiten..» adierazi zuen–. Etxean sartuta egotea tokatzen zaion garai honetan, «ikusten ari naizen partidak nireak dira, zer gauza ari naizen ondo egiten, zer gaizki, baina batez ere gaizki egiten ari naizena, gero entrenatzen hasten garenean hobetzeko eta etorkizunean jokalari hobea izateko», onartu zuen prentsaurrekoan. Hori oraindik sabaia ukitu ez duen seinale argia da.

Denboraldia amaitzearen alde

Taldearen denboraldiari dagokionez, pozik agertu zen orain arte egindakoarekin: «Talde mailan, oso denboraldi ona egiten ari gara. Lehenengo momentutik erakutsi dugu edozein talderi irabazteko gai garela eta lanarekin lortu dugu. Oso talde ona dugu. Postu bakoitzean lehia handia dago eta pixka bat erlaxatzen bazara, oso zaila izango duzu jokatzeko», baloratu zuen. Gauzak horrela, denboraldia amaitzearen eta Kopako finala jokatzearen alde agertu zen.