Idoia ERASO
BIARRITZ
Elkarrizketa
ANDER FERNANDEZ ETA MANU BERK
«GORA! UN SELFIE AU MILIEU DES SIOUX» ANTZEZLANEKO ARTISTAK

«Nerabezaroko gelako posterrek, lehen kontzertuek eta manifestazioek ere eratzen dute gure nortasuna»

Frantsesez eta euskaraz egina den «Gora! Un selfie au milieu des sioux» obra aurkeztu du Balle Perdue kolektiboak. Elea biziaraziz performance elektro-poetiko gisa definitzen dute egileek. Hitz horien atzean dagoena azaldu dute Ander Fernandezek eta Manu Berkek; hurrenez hurren, obran hitzak ematen eta musika jotzen duenak eta antzezlanaren sortzaile eta testuaren idazleak.

Manu Berken nerabezaroko bizipenak ditu oinarri “Gora! Un selfie au milieu des sioux” lanak. Kale antzerkiaren eta performancearen arteko lotura egiten duen gaia sortzailearen bizia dela azaldu du bere kide artistiko Ander Fernandezek: «Haria Manu da. Berak idatzi ditu testuak. Baionan jaioa da, euskal munduan hazitakoa, nahiz eta bera euskalduna ez izan. Beti lilura izan du mundu horrekiko, eta azaltzen du horrek nola eragin dion bere nortasuna eraikitzerakoan. Paralelismo bat egiten du Ameriketako indiarren eta euskaldunen artean. Erresistentzia horren lilurak nola eragin dion bere izaeraren eraikuntzan».

Bizipen horien ikuspegi pertsonala agertzen du sortzaileak obran: «Kontatzen dut nire gelan jarri nituen lehen posterrak zeintzuk ziren, Che Guevara, Negu Gorriak... aski iraultzaileak. Kontatzen dut ere nire shock politikoa izan zela Kevin Costnerren ‘Dances with wolves’ (Otsoekin dantzan) ikusi nuelarik, konturatu nintzelarik indiarrek kolpe handia hartu zutela cowboyengandik, eta horrekin batera, nire etxe azpian ere baneuzkala ikusi nuelarik. Nire lehengusu eta lehengusinak, nire kideak... ziren, borrokatzen direnak herri honen askatasunaren alde, eta horrela Europako azken indiar gisa hartu nituen. Metafora bat dago irudi horien bitartez, liluratu egiten duena».

Kale antzezlan gisa aurkezten da “Gora!”, baina hori baino gehiago ere bada. Performanceak ematen duen zabalera artistikoa errazago egokitzen zaio obra berezi honi. Argi adierazten du Fernandezek: «Kale ikuskizuna da, baina ez da ohiko formatua. Kontzertutik hurbilago dago; zuzeneko hitza da, poesia musikatua».

Berkek, berriz, horrela deskribitzen du: «Formatu aski sinplea da, hitza espazio publikoan errana da, eta normalean paisaia oso zehazki hautatzen dugu, gure proposamenak kontestualizatzen ditugu, hautatzen ditugu, agertoki gainean egongo litzatekeen hirugarren aktore bat izango balitz bezala. Paisaia aktoreak bezain garrantzitsua da. Gero, bi musikari ari dira zuzenean jotzen, errezitatzen duen pertsona erdian dagoelarik, eta inguruan hamar bat nerabe, paisaia bizitzen dutenak, siux txikien tribu metaforikoa sortzen dutenak».

Aktore eta musikari profesionalekin batera, ikusleen aitzinean agertzen diren gonbidatuak dira obrako berezitasun nagusietako bat; antzezten duten herrietan gonbidatzen dituzten “tokiko aktoreak” direla erran daiteke. «Nerabe talde batekin egiten dugu lan, figurazioa egiten dute eta tribu baten antzeko harrera egiten diete ikusleei; presentzia argia da antzezlan guztian zehar», azaldu du Fernandezek.

Presentzia hori era ezberdinetan islatzen dela jakinarazi du idazleak. «Harrera egitean, ikusleak ikuskizunaren tokira eramatean paisaia erakusten diete, obraren parte den gune hori. Ondoren, obran zehar, irudiak, koadroak egiten dituzte, ke-eragileak pizten dituzte, trenei eraso egiten diete... espazioa bizitzen eta biziarazten dute, eta obrak irauten duen bitartean, tentsioa ematen dute, ikusleen inguruan dauden erreboltariak balira bezala» ageri direla baieztatu du idazleak, eta sortzen duten urduritasun sentsazio horri buruz ondorengoa dio: «Lurralde hori bizi dela sentiarazten dute, edozein momentutan gezi batek edo bala galdu batek jo gaitzakeen sentsazioa ematen dute».

Berkek, bere aldetik, horrela azaldu du prozesua: «Normalean programatzaileari eskatzen diogu hamar bat nerabe aurkitzea eta horrela ingurukoak parte hartzera bultzatzen ditugu. Beraiekin lan egiten dugu, beraien lurraldearekin daukaten harremanaz, beraien historiaz, horrela nireak beraiengan oihartzuna izan dezan».

Obrak XX. mende bukaerako garaia jorratzen baldin badu ere, egungo nerabeentzat ere zentzua badaukala dio sortzaileak: «Gaurko gazteek, garai hori ezagutu ez badute ere, manera original eta berezi batez bizi dute. Garai honetako gazteek bestelako kezkak dauzkate, baina erresistentzia gune horretara eramaten ditugu, aurpegi-estalkiak eta maskarak emanez, normalean baino iraultzaileagoak bilakatzen ditugu».

Nerabeak garai eta ikuspegi sozial berezi horretara eramaten dituzten bezala, antzezlana aurkezteko aukeratzen den tokiak historia edota istorioa gaur egungo paisaian kokatzen du. «Inguruak kolore ezberdina ematen dio proposamenari. Skate-park batean egiten badugu, ez da atzetik trenak dituen geltoki batean egingo bagenu bezala. Paisaia bakoitzak kolore berezia ematen dio ikuskizunari eta proposamenari», eta, horren arabera, obra bera izanik ere, aldatu egiten dela azaldu du Berkek. «Ez testua ez musika ez dira aldatzen, baina espazioaren koloreak irudi ezberdinak ekartzen ditu. Hiriko edo hiri kanpoaldeetako espazioak ilargiaren itxurako espazioak eman ditzake. Guretzat garrantzitsua da ere hiriko espazioek western urbanoaren paisaia naturala ematea, siuxen presentziarekin janzten dena. Eta gero ikusleek beren istorioa sortzen dute, beren ikuspegiaren bitartez sortzen dutena», gaineratu du.

Euskara eta frantsesa

Hitzak pisua oso handia duela adierazi du Fernandezek. Obran euskarazko zatiak badiren arren, frantsesez da zati handiena. Euskarazko pasarteak Fernandezek itzuli ditu, idazlearen testua oinarri hartuta, eta horretaz gain, aktore lanetan ere ari da taula gainean: «Jerome Coffyrekin batera ematen dugu hitza, nik euskaraz eta frantsesez, eta berak frantsesez». Musika ere ematen du Fernandezek, Clement Danais lagun duelarik.

Euskal Herrian zein atzerrian aurkeztu dute antzezlana, eta kanpoan egin izan denean euskarazko hitzak ez dira itzuliak izan, baina horiek egiten zuten ekarpena zentzutik harago doala azpimarratu du Berkek: «Aski irringarria da, jendeak hizkuntza indiarra dela uste du, eta, batzuetan, asmatu dugun hizkuntza bat dela uste duenik ere bada. Horrela konturatzen gara euskara aski gutxi ezagutzen dela Frantzian».

Obran agertzen diren erreferentziak Euskal Herrikoak badira ere, kanpoan aurkeztu dutenean zentzua daukala gaineratu du sortzaileak: «Jende guztia proiektatzen da bere nerabezaroan, bere lehen rock kontzertuaz oroitzen dira, lehen manifestazioaz... Amankomunean dauzkagun guneak dira».

Estetikoki ere, Berkek ikuspegi propioa ematen du. Arte Ederrak ikasitakoa da, eta, horrek ematen dion ezagutzatik, «erreferentzia ezberdinak nahasten ditu testu nahiko zuzen eta zatikatu batean», Fernandezen aburuz.

Berkek, amerindiarren eta euskaldunen artean sortzen duen metaforarekin bezala, paralelismoa egiten du hainbat artelanekin ere, «imajina anitz zeharkatzen ditu, Caravaggio esaterako». Horien hautaketa txikitan markatu zuten obretan oinarritua dela azaldu du: «Anitzetan uste da nortasuna sexuak, adinak eta nazionalitateak definitzen dutela, baina nik uste dut gure gelan ematen ditugun posterrek, gure lehen kontzertuek, lehen manifestazioek... ere sortzen dutela».