Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Nire bizilaguna

Inoiz hitz egin dizuet nire bizilagunaz. Ez da fidatzekoa, horra esan dezakedan guztia. Zelatatu egiten gaitu, geure etxeak bereizten dituzten sasien artetik burua sartuz. Kamera bat ere paratu du bere teilatupean gure etxera begira; gauez argi gorri bat pizten delako dakit. Koronabirusaren aferarekin, ordea, bigundu egin dela esango nuke. Akaso adin bat daukalako eta «arrisku taldean» sartzen delako. Heriori belarriak ikusi dizkiola, alegia. Eta jator antzera dabil. Zer ez ote digun krisi honek utzi, honezkero. Aspaldiko lagunen mezuak. Aspaldiko bikotekideen guatxapak. Eta nire bizilaguna: horixe da harrigarriena. Lehengoan, ate parean ikusi eta hantxe luzatu zidan bostekoa: «Adiskidetasunerako garaia da», esan zidan jator. Garaiotan gomendagarria ez dela jakinik, eskua luzatu nion neuk ere, hunkituta.

Handik astebetera ikusi nuen emaztea. Senarra nola ote zebilen galdetu nion, eta gaixo zegoela esan zidan. Urduritzen hasi nintzen: «Zer du ba?», «Koronabirusa», esan zidan. Etxeko txapinetan nengoen. Zer nahi duzue: hala egoten naiz etxean, dotore ote nagoen pentsatu gabe. Baina une hartan beste oinetako batzuk desiratu nituen. Zeren eta umiliatzen bazaituzte, behintzat nahi izaten duzu egoerari elementu patetikorik ez erantsi. Eta bai lagunok: denok etxeetan gaude, dena geldi, dena basamortu: mundua aldatu da... baina gu ez gara batere aldatu, ezta aldatuko ere.