2020/04/15

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Eskaera apal batzuk
Nondik datorkizue liburuaren azken orrian, inprimatu nork, noiz eta, batez ere, zein letra tipo erabiliz egin zuen adierazi behar hori?

Pausa garaiotan, eragozpen handirik sortuko ez dizuedalakoan, galdera xume batzuk egin nahi dizkizuet, euskarazko liburuen editoreei, atrebentzia ez bada. Galderak, edo proposamenak, edo eskaerak. Erraz erantzuteko galderak, eta, onartzekotan, erraz gauzatzeko proposamen eta eskaerak, nik uste.

Hona lehen galdera: nondik datorkizue liburuaren azken orrian, inprimatu nork, noiz eta, batez ere, zein letra tipo erabiliz egin zuen adierazi behar hori? Esango nuke letrarena euskal liburu batzuetan besterik ez dudala aurkitu. Huskeria bat da, badakit. Baina ezin dut burutik kendu: nori inporta zaio Garamond edo Bembo letra erabili duzuen?

Eskaera bat da hurrengoa. Pasa ezazue aurkibidea aurreko orrietara, mesedez; ez azkenekoetan ezkutatu. Badakit gaztelaniaz eta frantsesez atzean jartzen dutela, baina ingelesez ez, adibidez. Ez da kontu politikoa, hala ere. Aurkibidea ezin aurkitu ibiltzea paradoxa ernegagarria da konfinamendu garaiotan.*

Honako hau proposamen bat da; ingelesezko tradiziotik datorrena, hau ere, eta saiakera-liburuetarako oso aproposa. Aurkibide analitikoa (gaiena) eta onomastikoa (izenena) gehitu liburuari. Ikaragarri irabaziko luke zuen produktuak. Espainolez eta frantsesez egiten ez badute, haientzako kalte.

Banatzaileentzat ere badaukat galderaren bat: azken asteotan zergatik izan zarete zuek geldi, eta Amazon jo eta ke lanean? Sanchezen eta Macronen erabakiz? Etxegarai, Txibite eta Urkulluren erabakiz? Edo zeuon erabakiz? Zuek osasuna lehenetsi duzue, akaso, eta Amazonek negozioa? Zuek bete beharreko legeak ez al ditu Amazonek bete behar? Euskarazko liburuak ez dira esentzialak, beharbada, gure gobernu eta elkargo nazional, autonomiko eta foralen arabera?

Badaukat galdera, eskaera eta proposamen gehiago, baina honetan utziko dut oraingoz, pausa garaiotan ere etxea zutik mantentzen lana majo izango duzuelakoan.

*Bide batez, oharrak, orrialdearen oinean, (oin-oharrak) otoi; ez kapitulu edo liburu bukaeran. Oharrak irakurri bai, baina ez dugu orrietan aurrera eta atzera, edo bizpahiru markatzailerekin ibili nahi.