Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO LIBURUAK

Galeano berreskuratzeko parada

Bost urte bete berri dira –joan den igandean, hilaren 13an, zehazki– Eduardo Galeano (1940-2015) idazle eta kazetari uruguaitar handia hil zenetik. Urteurren horri helduta –Galeanok aitzakiarik behar ez duela iritzi arren–, desjabetuen historiaren kontalaritzat har daitekeen intelektual handi honen lanak berreskuratzeko gonbita egingo dizuegu. Ea Galeano irakurrita, garai latz hauetan argibideren bat aurkitzen ote dugun.

Horretarako, atera berri diren bi lan hartuko ditugu ardatz. Lehena, 50 urteren buruan, aurten berriz argitaratu den “Guatemala. Ensayo general de la violencia política de América Latina” (Siglo XXI argitaletxea). 1967an Eduardo Galeano kazetari gazteak hilabete batzuk eman zituen Guatemalan, bertako talde gerrillariak elkarrizketatzen. Horixe bera islatzen du kronika bizi honek, “Las venas abiertas de América latina” klasikoaren aitzindaria denak. Galeanoren estiloa hor dago, argia, sakona, iraultzailea.

Aipatuko dugun bigarrena Txalapartak iaz argitaratutako “Emakumeak” ederra da. Emakumeak dira kontakizun bilduma honen muin eta bizkarrezurra (bai emakume ezezagunak eta bai jardun publikoa egin dutenak, esaterako, Rosa Luxemburg, Rigoberta Menchu edo Frida Kahlo). Mikel Vilches Plazak ekarri du euskarara eta, honekin, Tafallako argitaletxeak Galeanoren “hirukotea” osatu du, “Hitz ibiltariak” (2000) eta “Ispiluak. Mundu ia ororen historia” (2013) tituluekin batera. Egia esan, gurean Galeanorekiko zaletasun berezia sumatu da beti, euskaraz bere lan dexente aurkitu daitezkeelako, batez ere Gerardo Markuletaren lanari esker.