Igor FERNANDEZ
Psikologoa
KRISI BATERAKO PSIKOLOGIA

Zuk ez duzu errurik, laztana

Egoera hau nola eraman galdetu nahi nizun. Ez bakarrik orain, gero baizik, horrek asko kezkatzen nauelako. Geroari begiratzen diodanean beldurtu egiten naiz, ni etxean nagoelako, nire lantokian ERTE bat ezarri digutelako, eta nire bikotekidea astelehenetik lanera doalako. Enpresa handi bateko katean lan egiten du, kutsatzeko arriskuarekin, noski. Orduan, ekonomia aldetik, bueno, latzak pasatuko ditugu, baina osasun aldetik ere gogorra, oso gogorra, da. Amorru bizian nago; haserre, beldurrez… dena batera. Konturatzen naiz ez dela erraza izaten ari nirekin bizitzea, niri ere zaila egiten zaidalako neure buruarekin bizitzea! Hau luzatzen bada, ez dakit zer gertatuko den gure bikotearekin. Amorru hau normala da? Nire gizona askoz lasaiago ikusten dut. Zer egin dezaket?

Mila, Laudiotik.

Deskribatzen duzuna egoera arraro honen ondorioa da, eta, nolabait, normala da beldurtuta edo haserre egotea norberak etorkizuna imajinatzean etsigarria denean, inguruan dena gaizki dela dirudienean. Eta hitz garrantzitsuak dira: imajinatu eta iruditu.

Egun hauetan, jarduera faltak espazio zuri bat uzten duenez eta gure burmuina arazoak konpontzeko benetako makina bat denez, normalean hori egitera bideratzen dugun potentzia mental eta fisiko guztiak beste adierazpide batzuk bilatzen ditu. Eta ez da arraroa gu zirkuitu emozional itxi batean sartzea. Hau da, gorputz txarra utzi didan eztabaida bat izan badut, beste estimulu mota edo distrakzio batzuen falta dugunez, “gorputz txar” horrek (eta berarekin batera dugun emozio desatseginak) horretan gehiago pentsatzea eragingo dit, gertatu denarekin loturiko irudi gehiago ekarriz, edota arazo beraren inguruko oroitzapenak, eta horiek “gorputz txar” hori areagotuko dute. Eta, horrela, eztabaida eragin duena errepikatzeko arriskua dago.

Ondoan dugunarekin desahogatzen gara, baina agian guztiekin errukitsuago izatea da behar duguna. Askotan eztabaidak tentsioa kanporatzeko erabiltzen ditugu, baina garesti ordainduz eta guztiz behar duguna ez den zerbait eginez. Zuk diozun bezala, amorruaz gain, beldurra dago eta inpotentzia sentsazioa. Nire buruari galdetzen diot zer izango litzatekeen desberdina zure bikotekidearekin, horretaz hitz egin ahalko bazenio haserretzen zarenean.

Egoera hau oso handia da dena bakarka egiten saiatzeko, Mila. Ez dakigu zer gertatuko den baina, aurreikuspenak katastrofikoak izan arren, gauzak beste norabide ez hain dramatikoan joan litezke. Aukera hori ere hor dago, eta justuak izanez, hori ere kontuan hartu eta gogoratu behar dugu.