Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ez dakigu zer den ez dakiguna

Dakidan bakarra da ez dakidala ezer» bota ei zuen Senekak, unibertsitateko azken kurtsoa pandemiagatik aprobatu omen zion ordezko irakasleak gerora Youtuben azalduko zuenez. Fakenews 4.0ko oasi digitalean ez da erraza fikzioa eta errealitatea bereiztea. Eta atrila eta pulpitua ere ez. Are gehiago, ilarak Lanbideren webean! Tira, Senekaren haren harira! Nago ni, gaur planeta honetako munduren batean bizi izatekotan, txakur barik etxean konfinatua, jakina, bestelakoan botako zuela: «Ez dakigu zer den ez dakiguna». Bada bai, birus demontre honek hankaz gora jarri digu orain arteko normaltasun edo zen hura, balkoitik hasita jarri ere. Hiztegia ere loditu du hitz edo berriekin. Horra! «desescalar»! Harrapa ezan/k, Iran/k! Ez ote da hori rappel egitea? Behin horma zutituaren pikoa eskalatua, hara! beherantz! Beste kontua da ia beheko kanpamentura progresibo jaisten garen edo kolpe batean, sokatik askatuta eskuak hainbeste garbituta!

Total, birusa dela eta, hiritzarreko eguratsa argitu eta arnasgarriagoa den honetan kaletarrak non eta etxean sartuta! Etxetarrak! Zeren zain? Bada, eguratsa berriro ilundu eta sudurrak lanera bueltatzean orduantxe kaleratzeko, maskara jantzita! Seneka! Non da gaurko sistemaren sena? Bestelako normaltasuna beharko, hain normala ez dena!

Hara prentsan egunotan leitua! Komuneko paper ekoizle handienen mozkinek gora egin dute! Hortaz, papera burtsako bi lekuetan da, monitoreetan eta komunean, erabilera handiena bigarrenean izanda. Esaterik ez dago komunean leitu nuela albistea nik neuk. Tira, harira Murgoitio! Bada horra! Komuneko papera ekoizteko gaitasuna duen euskal estatua nahi dut, maskara eta testekin batera, burujabe ez ezik komun-zale ere izan badena. Hots, ondasun komunak babesten dituena. Hondamenak eta ondasunak bereizi. Jakin behar duguna zer den dakiena...