GIZARTE POLITIKA, INDARTZEA INOIZ SOBERAN EZ DAGOEN ARLOA
Urrats bat aurretik joan da Errenteriako Udala koronabirusak eragindako osasun krisia kudeatzean. Eskumen batzuk beste erakundeenak izanda ere, herritarren arazoei konponbidea ematen saiatu da lehen unetik. 2011tik gizarte zerbitzuetako inbertsioak gora egin du eta argi dute datozen urteetan are gehiago indartzea egokituko dela: «Honek guztiak aje handia utziko du», dio Aizpea Otaegi alkateak.

Premiak hor daude eta guk ezin ditugu herritarrak utzi premia edo behar horiek ase gabe», dio Aizpea Otaegik. Errenteriako alkatea da pasa den urtetik. Gizarteari begiratzean ikusten ditugu zaurgarritasunak, baldintzak ez direla berdinak bata eta bestearen artean, «eta begirada horretatik iruditzen zaigu garrantzitsua gizarte politika indartsu bat edukitzea».
Azken urteetan Errenteria aski ezaguna egin da gizarte zerbitzuen alorra baliabidez hornitzearren. Baliabide ugari bideratu ditu bertara eta egun alkatea den Otaegik onartu du aurretik eginiko lanak «izugarrizko sarea eskaintzen» duela orain arte eduki dituzten beharrei erantzuteko baina baita koronabirusaren osasun krisiak eragindako premia berriei erantzuteko ere.
Esaterako, egun hauetako batean, hamaika urgentziazko kasu jaso zituzten. Eta horiei erantzuna eman behar zaie. Urgentziazko kasua aipatzen denean egunean bertan konpondu beharreko egoera batez ari direla nabarmendu du Ongizate alorreko zinegotzi Eñaut Graciak: «Esaterako, etxe baten jabeak etxetik botatzeko mehatxua egin izanaren berri eman zigun herritar batek edo bi haur dituen familia batek afaltzeko ezer ez zuela».
«Errealitate hauek orain azaleratu zaizkigu modu nabarmenagoan baina hor zeuden eta konfinamendu egoera bukatzen denean ere hor egongo dira», ohartarazi du Aizpea Otaegik. «Ikusi beharko dugu zer baliabide mantentzen ditugun udal gisa», gehitu du.
Honek guztiak aje handia utziko duelakoan dago; aje ekonomiko, sozial zein emozionala. Ekonomikoari lotutakoa jada igartzen ari dira, dagoeneko udalei jakinarazi baitiete bakoitzaren aurrekontuak murriztu egingo direla. Eta Errenteria hasi da aurreikusita zuen aurrekontua moldatzen, gizarte zerbitzuen alorrean ukitutxo bat ere egin gabe: «Gizarte politikan aurrekontua mantentzeaz gain, aurten eta hurrengo urtean indartzea tokatuko da». Egun, milioi bat eta berrogei mila euroko aurrekontua dute.
2011tik hauspotzen joan dira gizarte politiken alorra. Irakurketa bat egin zen orduan eta taula batzuk osatu ziren. Hor ohartu ziren bazegoela jendea oinarrizko beharrizanak ordaintzera heltzen ez zena –argindarra, zergak, eta abar– eta «eskatzen zuena eman behar zitzaiola erabaki genuen». 2017an gizarte zerbitzuetan Estatu espainolean gehien inbertitzen zuen herria izatera heldu zen; 275 euro urtean pertsona bakoitzeko. Koronabirusaren krisiaren kolpeari erantzuna emateko garaian ere ispilu bilakatu da Errenteria. Eta ez da kasualitatea.
Kolektibo zaurgarrienak
Zaintza sare komunitarioa osatu dute eta udalaren ohiko jarduera etenda dagoenez, guztia beharrizanei erantzutera zuzentzen da. Hala, gizarte zerbitzuetan diharduten langile guztiak “normaltasunez” –egoera honetan normaltasun arrastorik geratzen bada– dabiltza lanean; hau da, lantalde guztiari eutsi diote. Guztira, gizarte zerbitzuetako 20 teknikari/langile dituzte.
40.000 biztanle inguruko herria da eta 65 urtetik goragokoak 8.000 baino gehiago dira. Lehentasunezko kolektibo bezala identifikatu dituzte osasun krisi honetan, jada gizarte zerbitzuekin harremanetan zeuden gainontzeko bizilagunez gain. Azken horiekin edo indarkeria matxista dela-eta Emakumeen Etxean aholkuak jasotzen dituztenekin harremana lotuago zegoenez errazagoa izan dela deritzo.
Horregatik, zaurgarritasunaren aurrean ezezagun zirenekin, lehenbailehen, banan-banan beraiekin harremanetan jartzeko ahaleginean jarri ziren buru-belarri. Azkar ohartu ziren ez zela nahikoa izango telefono zenbaki soil bat jartzea, arreta zerbitzu gisa, «Udalak ez daukalako ahalmen komunikatibo hori jende guztiarengana iristeko».
Laguntza eskaintzeko aurkeztu ziren pertsonen sarea ere handitzen zela ikusita –500 boluntario inguru–, horiek guztiak antolatu, eta banan-banan adinekoen etxeetara deitzen hasi ziren. «Beraien bizitokiak eta telefonoak badauzkagu kasu gehienetan eta beraz, badaukagu ahalmena, udal bezala, beraiekin harremanetan jartzeko». 70 urtetik goragoko guztiei deitu zitzaien eta 65 eta 69 urte bitartekoen artean, bakarrik bizi zirenei.
Espero zituzten beharrak identifikatu zituzten batzuengan –elikagai edo botiken erosketak egitea– baina beste batzuek bakardadeari aurre egiteko premia nabarmendu zuten. «Eskatu zuten bi egunetik behin edo egunero telefono deiren bat jasotzea, bakardadeari aurre egiteko modu bezala, eta horretan dihardute zenbait boluntariok», azaldu du Otaegik. Botika edo elikagaien enkarguak Udalaren bitartez kudeatzen dira.
Adinekoak ezaugarri batengatik dira zaurgarri egoera honetan, baina gazteenen artean ere badira zaurgarritasunak, hezkuntzan azaleratu den legez. Kasu honetan ere Errenteriak aurre hartu zion Lakuari, baliabide gutxien dituzten familiei konponbide bat emate aldera. Sare sozialen bitartez jaso zuten abisua eta segituan jarri ziren martxan herrian dituzten sei ikastetxeekin. Ikasturtea aurrera eramateko beharrezko bilakatu ziren ordenagailua eta Internet konexioa eta ikastetxeek jada arrakala digitalaren arazoa identifikatuta bazuten ere koronabirusak argiago ohartarazi die. Hala, 120 ikasle inguru hornitu dituzte, bai ordenagailuz –udal eraikinetako ordenagailuen bitartez– bai Internet konexioz –Izarkom-en bitartez–.
Zaurgarrienen beste multzo batean kokatzen dira kalean bizi diren pertsonak. Honen erantzuna Aldundiari dagokion arren, Eñaut Graciak adierazi du konponbide bat eskaini behar zitzaiela herrian bizi diren heinean, zain egon gabe. Martxoaren 20an aterpetxe bat egokitu zitzaien eta DYAren bitartez elikagaiak banatzen hasi ziren: «Hamalau pertsonez osaturiko baliabidea abiatu dugu».
Komunitate izaera
Gizarte politika «komunitate izaera trinkotzeko» ezinbesteko tresna dela iruditzen zaio Graciari. Udala herritarrekiko hurbilen dagoen erakundea izanda, «kontratu moduko baten berritzea» moduko zerbait ikusten du urtetik urtera arlo horretan eginiko inbertsioa. Herri bezala erantzukizun bat dute eta herritarren arteko sarearen trinkotzea zaurgarrienei laguntzearen ondorio ere badela uste du. «Bestela, beti gaude haren eta bestearen diferentziak nabarmentzen»; handi eta txikienen arteko ezberdintasunak agerian uzten, alegia.
Koronabirusak eragindako salbuespenezko egoerak nola eta noiz arte iraungo duen jakin gabe, ziurgabetasun honetan, beste kezka bat azaleratu zaie. Larrialdi sozialetako laguntzen eskaerak %35 jaitsi dira iazko epe berdinarekin alderatuz, «eta ez da arazorik ez dagoelako». Horra begira jarri dira udal langileak eta orain arte eskatzen zuten eta orain eskatu ez dutenekin harremanetan jartzeko asmoa erakutsi dute, zer dela eta gertatu den jakiteko.
«Honek guztiak eztanda egin dezake», dio Ongizateko zinegotziak. Psikologikoki ondorioak ekar ditzakeelakoan da eta horiei ere erantzun egin beharko zaie. Gizarte politika indartsu bat eta, oro har, sektore publiko indartsu batek komunitatearen orekan duen garrantzia nabarmendu dute biek ala biek. Momentuz, Errenteriari nolabait emaitza ona ekarri dio aurretiaz eginiko lanak eta orain bi sentsazioren artean mugitzen dira: komunitate indartsuak erakutsi duen elkartasunarena baina egoera are gehiago zailduko den errealitatea parez pare ikustearena ere bai.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
