Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Otsoa eta ardiak

Ttipidanik deigarria egin zait otsoaren presentzia ipuinetan. Txanogorritxurekin entzun genuen, hiru txerritxoekin, zazpi antxumeekin, Prokofieven “Peru eta otsoa” obran, eta beti gaizto eta maltzur ageri zitzaigun ugaztun haragijalea. Beharrik nerabezaroan Joseph Rudyard Kipling heldu zitzaigula “The jungle book” ederrarekin, non otsoek ateratzen duten aurrera Mogwli ttipia, zainduz eta maitasuna eskainiz, ezen otsoen trauma horrek gorrotoa eragin zigulako gure mendietatik desagertzera eraman genituela erranen bainuke. Artzain gezurtiaren ipuina bizirik ekarri dut garaiotara, askotan erabiltzen baitut oraino, eta, tira, gure mundu zaharraren osasunari buruz «otsoa dator» aspaldi erraten ari dira zientzialari eta enparauak, baina edo otsoa agintzen duena da edo otsoak ardiak jatea bost axola zaio. Egunotan artzain frantses baten bideo bat iritsi zait eskuetara, udaberri betean, gereziondoen lore eta larre berde artean ageri da, milaka ardi ditu, eta denek obeditzen dituzte bere aginduak. Sekretua omen da ardiak beldur izatea, edo segurtasunean sentitu beharra bestela. Bordan sar daitezen otsoa datorrela oihukatzen die, izutu egiten ditu. Han, bata bestearen gainean konfinatuta ere, seguru dira, eta artilerako erabiliko duen ilea moztu diezaieke lasai. Ba omen da kasurik egiten ez duen ardi beltzik, eta haientzat baliatzen du makila, edo txakurrari eskatzen dio haiek biltzea. Lortu ezean, beste guztien aitzinean sakrifikatuko ditu, etsenplua erakusteko. Aspaldion «beee» anitz egiten dudala ohartu naiz.