Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO LIBURUAK

Pirineismoaren aitzindari baten adierazpena

Henry Patrick Russell-Killough izenak ezer gutxi esango digu. Baina Russell Kondea aipatzen badugu, askok eta askok pirineismoarekin lotuko dute. Aitzindaria izan zen, historikoa, urrats garrantzitsuak egin zituen... Izugarri maite zuen mendilerroa. Zalantzarik gabe, pirineismoaren historian izan dugun mendizale ospetsuenetarikoa izan da. Urrezko letrak idatzi zituen: Lutour aterpea, Balaitusen ertz bat, Vignemaleko harkaitz-zuloak... Horregatik guztiagatik, mendilerroaren ipar isuriko makina bat herritan gogoan dute.

Baina Russell Kondearen jardunak eta abenturak ez ziren Pirinioetara mugatu. Aristokrata bat zenez, aukera izan zuen mundu zabaleko urrutiko bazterretara bidaiatzeko: Patagoniako itsasoa ezagutu, Mississippi ibaiaren zeharkaldia biribildu, Siberiaren eta Txinaren arteko ibilbidea egin eta Zeelanda Berriko Alpeetako mendiak eskalatu zituen. Indiaren eta Himalaiaren “zigiluak” ere bere pasaportean agertzen dira.

Bidaia horiek guztiak egin eta gero, Pauera itzuli zen; hots, Russellen Pirinioetara: «Munduko mendi asko ezagutu ditut. Bata bestearekin aldera ditzaket, baina, den-denak maite baditut ere, Pirinioek nire bizitzan lehentasuna dute».

Russellen irudia gehiago ezagutu ahal izateko, bi proposamen egingo dizkizuegu. Lehen gomendioa da Alberto Martinez Embid idazlearen “Yo, Henry Russell” liburuan murgiltzea. Baina ez dugu inondik ere ahantzi nahi, Barrabes argitaletxearen “Recuerdos de un Montañero”; webgunean (www.barrabes.com) doan deskargatzeko aukera ematen du.