Nagore Belastegi

PANDEMIAKO AMETSAK BIZIAGOAK OTE DIRA?

Gauza xelebreak amesten omen ditugu egunotan, eta ondo gogoratzen ditugu gainera esnatzean. Freudek amets horiek zer esan nahi duten argitzen lagunduko zigun agian, baina gure artean ez dagoenez... loaren adituek zer dioten entzun beharko genuke

Lankide batek bere aitaren hotelean astea pasatzera gonbidatzen nau. Luxuzko hotela da, eta igogailuetan ere perfume eta olio goxoen doako dosiak daude. Banillazko xaboia duen konketa dago harreran. Urrez apaindutako korridoreek nire gela dotorera eraman naute. Brodatutako eskuoihalak eta oindun bainuontzi handia daude komunean, lumazko burkoak dituen ohe erraldoia eta musika xuabea logelan.

Inoiz ez naiz egon –eta ez dut uste inoiz egongo naizenik– horrelako leku batean, baina konfinamendu egun hauetan izan dudan ametsetako bat da deskribatu dizuedan hau. Oso bizia, oso erreala eta xehetasunez betea. Ez nuen esnatu nahi. Eta bitxiena: egun batzuk geroago oso ondo gogoratzen dut.

Baina gertatu zaidan hau jende askori gertatzen ari zaio, eta normala omen da. Gure lo egiteko ohiturak aldatu egin dira. Horren inguruko azalpenak emateko Carlos Egearekin hitz egin dugu, Santiagoko Ospitalean dagoen Arabako ESIko Loaren Unitateko arduradunarekin. Egun hauetan euren jarduera aldatu egin behar izan dute unitate horretako langileek, esfortzu guztiak koronabirusagatik arnasteko arazoak dituzten pertsonei laguntzeko baitira.

Adituaren arabera, orokorrean ordu gutxi egiten ditugu lo astean zehar, eta asteburuan hori konpentsatzen saiatzen gara lo gehiago egiten. Hala, asteburuko «jet lag» bat sortzen da. «Jendea 23.30-00.00 inguruan oheratzen da, eta 6.00-7.30 aldera esnatzen da. Errutina horiek apurtu egin dituzte etxean daudelako, argi gutxiago jasotzen dutelako, pertsona berdinekin igarotzen dutelako egun osoa eta gehienak lanera joateko altxatu behar ez direlako», azaldu digu. Egunero gosaltzeko, bazkaltzeko, oheratzeko, hortzak garbitzeko edo telebista ikusteko ordutegi berdina daramagunean erritmo zirkadianoak sortzen dira, eta orain horiek apurtu egin dira. «Gizarte zientzialari bezala gure nahia beti izan da jendeak lo gehiago egitea, eta orain lortu egin dugu... baina ohiko erritmo zirkadianoei eutsi gabe: gauean telesailak ikusten berandu oheratzen dira, eta goizean ez dute argirik jasotzen berandu esnatzen direlako», dio Egeak.

Ametsen kontuak honekin harreman zuzena du. Izan ere, REM fasean amesten dugu, eta REM fasea gauaren bigarren partean gertatzen da. Gauero hiru-sei aldiz amesten dugu –zenbat eta lo gehiago egin, gehiago amesten dugu–. Orain lo egiteko ordua atzeratzen dugunez, REM fasean esnatzeko aukera gehiago ditugu eta, ondorioz, amesten ari ginena gogoratzeko ere bai.

Izaten ditugun ametsetan, berriz, egunerokoak du eragina. Birusarekin kutsatzeko beldurrak edo familia askotan egon daitezkeen arazo ekonomikoek kezkak sortu ditzakete. Gainera, REM fasea amesteko unea izateaz gain, egunean zehar bizi izan duguna memorian gordetzeko unea ere bada. Beraz, orain gure egunerokoa etxea besterik ez bada, ametsak ere horren inguruan arituko dira. «Amestu dezakegu gure etxea zirku bat dela edo espazio-ontzi bat», kontatu digu. Edo, nire kasuan, luxuzko hotel bat.

Zer egin horren aurrean?

Atseden hartzea eta egun hauek ahalik eta hoberen pasatzea garrantzitsua bada ere, gure ohiko bizitzara itzultzen garenerako prestatzea garrantzitsua dela uste du Egeak. «Hilabeteren ostean jet lag handia izango dugu ez baditugu gure errutinak berreskuratzen. Izan dugun ordu aldaketa broma bat izango da etorriko zaigun jet lagarekin», dio adituak.

Bere gomendioa «logikoa» dela dio. Alegia, ohiko errutinak jarraitzea egoera hau amaitu egingo delako eta «amaitzen denean ‘berrabiaraztea’ egokituko zaigu, eta gure onena ematea eskatuko zaigu». Hala, gure eguna lanean arituko bagina bezala antolatzea gomendatzen du. «Jendeak irudimen handia du gauza askotarako, bada orain elikadura, lo egiteko eta kirola egiteko errutinak jarraitzeko erabili behar dute irudimena, egoera hau epe baterako besterik ez delako izango». Beraz, prestatu ditzagun jaki goxoak eta mugitu dezagun gorputza NAIZeko zumba saioekin. Eta gogoratu: iratzargailuak jotzen duenean, altxatzeko ordua da.