EDITORIALA
EDITORIALA

Libertatearen artista, herriaren margolari

Atzo arratsaldean, Jose Luis Zumetaren heriotzaren berri izan genuenean, egunkarian haren omenez zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Jira eta buelta ibili ondoren, gauza gehienak erabakita geneuzkanean –azala, hilberria, editorial hauxe…–, gazte batek galdera bota zuen: «GARArentzat, Zumeta zer zen?». Galdera zintzoa zen. Hainbestetan herri hau irudikatu duen hori guk nola irudikatu nahi genuen galdetzen zuen.

Laburbilduz, egunkariarentzat, Zumeta fundazionala izan da. Ez soilik hasieratik proiektua babestu eta lagundu zuelako; ez soilik “Gernika”-gatik edo “Ametsen liburua”-gatik; ezta espolioari aurre egiteko eskaini zizkigun obrengatik ere. Pentsa, GARAko irakurle gehienen etxeko paretetan edo lantokietan Zumeta bat eskegita egongo da. Pentsa zer-nolako komunitatea irudikatzen den koadro horien bidez, guretzat ezagutzen errazak diren forma eta kolore horien bitartez. Ideologiaz harago, baina hau ukatu gabe, pentsamolde bat dago koadro horietan. Pentsamolde horri helduz, bere balioengatik eta bere anbizioagatik izan da Zumeta eredugarri, hain zuzen ere. Duela gutxi “Okeyish” artikuluan Gorka Urbizuk ezaugarritzen zuen lanaren kulturaren eta anbizioaren lehendabiziko ordezkarietako bat izan da Zumeta euskal arte garaikidean. Munduari begiratzeko modu bat dago bere lanetan, aldi berean herrian sustraitzen den eta munduari zabalik begiratzen dion ikuspuntu aberats eta aske bat.

Euskal Herriarentzat, zer izan da Zumeta? Zer, euskal artearentzat? Goiz da esateko, agian. Herri gisa izan ditugun arte espresio garrantzitsu eta interesgarrienetan beti egon da bere sinadura, argi dago. Gaur taldearen fundatzaile izan zen, baita Ez Dok Amairuren iruditegiaren sortzaileetako bat ere. Bere bizitzan, arteak berezko duen transzenditzeko asmo horrek nazio bat aurrera bultza dezakeela erakutsi du. Askatasunez sortu eta kolorez herria busti duen artista handia joan da. Agur eta kolore, Zumeta!