I.B.
BILBO

EH Bilduren iritziz, ez da alderdien lehiarako unea

EH Bilduren ustez, ez da hauteskundeei buruz hitz egiteko unea, lehentasuna osasun publikoa eta susperraldi ekonomiko eta soziala direlako. Koalizioaren koordinatzaile Arnaldo Otegik atzo gaineratu zuenez, ahalegin bateratua eskatzen duen garai hau ez da alderdien arteko borrokarako egokiena. «Hitzarmen garaia da, akordioak bilatzeko unea», azpimarratu zuen, hauteskundeak «alderdien arteko borroka garaia» direla gogora ekarriz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ezustekoa eman zuen ostiralean, datorren ostegunean alderdiak hauteskundeez hitz egiteko bilerara deituko zituela iragarri zuenean.

Ez dira baldintza egokiak

Otegik adierazi duenez, EH Bilduk osasun baldintzak betetzen ez direla-eta hauteskundeei buruz hitz egiteko baldintza demokratikorik ez dagoela esango du bilera horretan, eta, alde horretatik, une honetan inork hauteskunde kanpaina normaltasunez egiteko baldintzak ikusten ote dituen galdetu zuen.

Bozetara joateko presa duenak horren zergatia azaldu beharko duela gaineratu zuen. Edonola ere, nabarmendu zuen hauteskundeak osasun segurtasunez eta normaltasunez egin daitezkeenean koalizioak «pozik» parte hartuko duela.

Horrekin batera, EAEn gertatzen ari den «anormaltasun politikoa» salatu zuen, Parlamentua deseginda baitago eta «gutxiengoan dagoen gobernu batek gehiengo absolutua balu bezala jokatzen» baitu. Ildo horretan, kritikatu zuen lehendakariak ez duela inorekin hitz egiten, ezta gobernuko kideekin ere.

Otegiren aburuz, anormaltasun horrek «konponbide erraza» du, baina lehendakariaren «borondate politikoaren» araberakoa da. Horregatik, bileran gehiengo osoa izango balu bezala jokatzeari utzi eta alderdi, sindikatu eta enpresariekin akordioak lortzeko espazioak irekitzeko proposatuko dio Gobernuari.

Esan zuenez, «gainean dugun arazoa» ikusita «jendeari kezka eragiten dioten» gaien inguruko akordioak lortu behar dira; hots, «osasunari eta etorkizun ekonomikoari» buruzkoak. «Testei buruz hitz egin behar da, eta jendea babestuko duten neurri ekonomikoez; ez hauteskundeei buruz», esan zuen.

EH Bilduk larrialdi egoeratik ateratzeko «zientzialari garrantzitsuekin kontrastatutako» plan bat duela jakinarazi zuen Otegik, baita susperraldi ekonomiko eta sozialerako egitasmo bat ere, eta Iñigo Urkullu eta Maria Chivite lehendakariei eta gainerako alderdiei helarazi dietela esan zuen, plan horretaz eta besteenaz hitz egin nahi dutela gaineratuz.

Uztailean... edo 2021ean?

Lakuako Gobernuak, ordea, alderdi guztien gainean jarri nahi ditu jazotzen denaren ardura eta ondorioak. Josu Erkorekak esan zuenez, uztailean hauteskundeak egin ezean, gerta daiteke 2021eko udaberrira arte egin ezin izatea. «Aukera bat uztailean egitea da, eta bestea uztailean ez egitea, eta egoera okertzen bada, txertoa aurkitu arte, agian udaberrira arte edo udara arte egoera hori luzatzea», esan zuen eledunak.

«Guztioi dagokigu erabakia hartzea eta proposamen zehatz bat egitea; lehendakariak planteatu duen gaiari bai ala ez erantzutea, hauteskundeak bai ala ez, erantzun batek zein besteak dituzten arriskuak eta baldintzak kontuan hartuta. Baietz esaten badugu, ondorioak ditu, eta ezetz esaten badugu, ere bai. Ezetz esaten badugu eta hauteskunderik ez badago, ez du balio lehendakariari aurpegiratzeak», esan zuen ETBn egindako elkarrizketan.

«Erabakia ez da lehendakariarena bakarrik», gaineratu zuen Erkorekak, nahiz eta hauteskundeen gaia une honetan mahai gainean jartzeko erabakia lehendakariarena izan den, ez beste inorena.