Jon ORMAZABAL
PILOTA

Pilotari profesionalek «kirolariak» direla frogatu beharko dute

Inolako lizentziarik gabe, zailtasunak izan ditzakete CSDk entrenamenduetara itzultzeko banatuko dituen «pasaporteak» lortzeko.

Gezurra dirudien arren, Covid-19ak eta honen ondorengo zailtasun guztiek gaur egungo pilota profesionalaren kontraesanik handiena jarri du agerian. Izan ere, kirolari gehienak euren jardunetara itzultzeko prestatzen ari diren bitartean, esku pilotako profesionalek arazoak izan ditzakete beren «kirolari» izaera frogatu eta Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) banatuko dituen «pasaporteak» eskuratu ahal izateko.

Urteak dira –1998ko Euskadiko Kirol Legeak argi utzi zuen EAEko eta Euskadiko pilota federazioek ez zutela inolako eskumenik profesionalekin– pilota-enpresa profesionalak beren bide propioa jorratu nahian zebiltzala eta iaz epaile talde propioa sortu zutenetik –ordura arte federazioenak erabili izan zituzten– harreman zuzen guztiak erabat agortuak dira eta orain garesti ordain lezakete pilotari profesionalek.

Izan ere, inolako kirol lizentziarik gabe, Aspen eta Baikon profesionalak diren pilotariak CSDk larunbatean aurkeztutako “Entrenamenduetara eta lehiaketa ofizial eta profesionaletara itzultzeko protokolo” horretatik at geratzeko arriskua dute. Araudi honek derrigor bete beharreko jarraibide batzuk batzen ditu eta, era berean, normaltasunez entrenatzeko «pasaporte» moduko bat esleituko lieke goi mailako kirolari hauei beren herrialdean nolabaiteko normaltasunez mugitu eta entrenatu ahal izateko.

Oraingoz, aire librean entrenatzea hobesten du protokoloak eta pilotariek oraindik itxita jarraitzen duten pilotalekuetan aritzeko izango lituzkete zailtasunak; gainerako herritarrek bezala, aire librean korrika eta ariketak egiteko arazorik ez lukete. Ez dago batere argi pilotariek gehienetan udal instalazioak diren pilotalekuetan aritzeko (betiere bakarka) baimena lortzeko oso baliagarria litzatekeen dokumentu hori eskuratzerik izango ote duten, ofizialki ez baitira «kirolariak». Julian Garcia Angulo Espainiako Pilota Federazioko presidenteak, bere Facebook-eko kontuan, erabiltzaile baten galderari erantzunez, argi uzten du: «Pilota-enpresek egiten duten jarduera ez da kirol profesionala».

Erantzun baten zain

Maiz aldeko izan duten argudio hori –esaterako, pilotalekuetan alkohola saldu ahal izateko– kontra etor dakieke, baimen berezi hauek emateko eskumena duen bakarrak, CSDk, arazoak jartzen badizkie. Gero, printzipioz, federazio desberdinak lirateke instalazioak kudeatzeko eskumenak lituzketenak.

Hemen ere, kirol «berezia» litzateke pilota, Euskadiko Pilota Federazioa ez dagoelako Espainiakoaren barruan; bai, ordea, Nafarroakoa eta horrek ere desberdintasunak sor ditzakeelako. Etena, nahiko iskanbilatsua gainera, 2000ko uztailean gertatu zen eta orduko protagonistek zeresan handia izan dezakete hurrengo orduetan ere; izan ere, Julian Garcia Angulok jarraitzen baitu Espainiako Pilota Federazioko presidente izaten eta Joserra Garai, gaur egun Baikoko gerente nagusia dena, zen Euskadiko Pilota Federazioko lehendakaria.

Linbo egoera honetan, ikusteko dago, hortaz, CSDk pilotari profesionalekin zein jarrera hartuko duen; izan ere, posible da erakunde honek pilotarien kontratu profesionalak onartzea baimen berezi hau emateko, nahiz eta, berez, hauek enpresa «normal» batenak izan.

Joseba Ezkurdiak ere ate txiki bat ireki lezake, arbizuarra Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak egiten duen Nafarroako goi mailako kirolarien azken zerrendan agertzen baita, teorian Aspen lortutako txapelengatik. Bera da bi enpresetatik zerrendako bakarra, EAEkoan Patri Espinar da azken zerrendan agertzen den pilotari bakarra.

Pilotariek berrien zain jarraitzen dute

Pilotari profesionalek nolabaiteko «linbo» egoeran jarraitzen dutela esan genezake, euren jarduna aldi baterako erregulazioan eta pilotalekuetara itzuli ezinda. GARAk zenbait pilotarirekin harremanetan jarrita jakin ahal izan duenez, ez dute inolako argibiderik jaso pilotalekuetara noiz itzuli ahal izango duten eta orain behintzat aire librean jarduera fisikoa egiteko duten aukera baliatzen saiatzen ari dira sasoiari eusteko.

Frontoira, entrenatzera, noiz itzuli ahal izango diren ez diete esan enpresetatik. Eskuak lantzea da gehienen buruhausterik handiena, eta partidak noiz itzuliko diren ere ez dago jakiterik. Argi dago, oraingoz behintzat, itzultzekotan, pilotalekuetan zalerik ez dela bueltatu beharko luketela eta ez dago oso argi enpresak hori onartzeko moduan ote dauden. ETBren aldetik ez legoke inolako arazorik publikorik gabeko partidak zuzenean emateko, baina Aspe eta Baiko ez daude leihatilako dirurik gabe jaialdiak programatzeko prest. Itzulerak urrun dirudi oraindik.J.O.