Surflari ernegatua

Udazkenean

Lagun talde batekin egindako esperimentu baten berri eman zuen “Science” aldizkariak 2014. urtean. Parte hartzaileek egin behar zuten gauza bakarra 15 minutuz gela huts batean egotea zen, mugikorrik gabe eta erlojurik gabe, bakar-bakarrik, beren itzalarekin. Nahi zuenari deskarga elektrikoak jasotzeko aukera eskaini zioten zientzialariek, baina inork ez zuen gonbidapena onartu. Inork ez zuen deskarga elektrikorik jaso nahi. Sei edo zazpi minuturen ostean, ordea, ia guztiek sakatu zuten gorputzari astindu eder bat ematen zion botoia.

Zientzialariek atera zuten ondorioa hau izan zen, gure buruari bake apur bat eman nahi diogunean ere ezinezko zaigula, egungo gizarteak sortzen digun “esperientzia berrien beharra” gailentzen delako. “Zerbait egin behar” hori jarrera arriskutsua izan daitekeela ere ondorioztatu zuten ikertzaileek, haien iritziz, menpekotasun emozional horrek “momentuko errealitatearekiko distantzia hartzeko gaitasuna baldintzatzen” baitu, eta, ondorioz, ez daukagu epe luzera soseguz jarduteko ahalmenik.

Jose Carlos Ruiz filosofoak, “abstinentzia-sindrome garaikidea” deitzen dio ezer egin gabe gaudenean sortzen zaigun ezinegon horri. Egun hauetan ikusi ahal izan dugun moduan, zerbait egin beharra dago. Ez du axola zer, baina egin. Itxialdi baten ostean, ateratzeko gogoa izatea normala da, baina ikusi duguna beste zerbait izan da. Orain arteko ustezko zentzuzko jarrera guztiak hankaz gora joan dira.

Itsasoan ehunka surflari ikusten ditugun arren, distantziak une oro mantentzen dituzte, edozein unetan etor daitekeen olatuak talkak eragin baititzake, eta surflariek zerbait maite badute, hori surf taula da. Arazoa, kanpoan dago. Lehen surfa bakarka egiten zen, baina kirol estatusa eskuratu zuenetik talde kirolen antz handiagoa du eta edonor itsasoratzen da. Beti taldean.

Arrotza zaidan egungo surflarien komunitateak nola erreakzionatuko zuen irudikatzen nuen. Derrigor kirola egin behar dutela sinetsi dutenekin bat egingo zutela asma nezakeen. Tira, hori pasako da; denak batera kirola egiten hasi diren modu berean, denak batera aspertzen hasiko dira, eta pixkanaka, denak batera erretiratuko dira. Beti taldean. Artaldean.

Arazoa da ordurako bigarren olatua gainean izango dugula eta uda ostean, surf egiteko baldintza hoberenak izaten diren sasoian, berriz ere etxe zulora kondenatuko gaituztela. Iparraldeko surflariok oraindik ezin gara itsasoratu, baina ikusiko dugu nola gauden, alde batean zein bestean, udazkenean.