D.L.

ISISen Irakeko eraso erakustaldia ez da kalifa-herria berreskuratzeko bestekoa

Iraken, Estatu Islamikoa erakunde jihadista ez da iragana, azken atentatu andanak erakusten duenez. Hala ere, adituen ustez, min egiteko gai bada ere, Kalifa-herria sortu zenean zuen indarra izatetik oso urrun dago.

Egoera ezin hobea da Estatu Islamikoaren (ISIS) itzulerarako. «Nazioarteko Koalizioaren» tropek alde egin dute Iraketik, Covid-19aren pandemiaren aitzakiarekin. Duela bost hilabetetik Irakek ez du gobernu sendorik eta behin-behineko Exekutiboa eguneko kontuez baino ez da arduratzen. Gainera, Indar Armatuek nahikoa lan dute koronabirusa zabaldu ez dadin konfinamendu neurriak betearazten.

Joan den larunbat egunsentian azkenaldiko erasorik odoltsuena egin zuen ISISek. Makina bat zelulek, elkarlanean, check-point bati eraso egin zioten eta gero laguntzan iritsi zen konboia segadan hartu zuten. Salahedin probintzian izan zen erasoa, Mukeshefah herrian. Ondorioz milizia xiitek osatzen duten indarretako hamar kide hil ziren, ramadan bete-betean.

Irakek 2017 bukaeran ISISen Kalifa-herriaren aurka garaipena iragarri zuenetik, ez diote erasotzeari utzi basamortuan eta eskualde malkartsuetako kobazulotan ezkutatu ziren zelula jihadistek. Apirilaren hasieratik, ordea, ugaldu egin dira erasoak: errepideetan lehergailuak, konboien aurkako tiroketak, Estatuaren ordezkarien aurkako atentatuak…. Hutsik dauden herrixketatik –bertako biztanleek errefuxiatu eremuetan jarraitzen dute– antolatzen dituzten eraso hauekin «beldurra hedatu nahi dute, eta bide batez taldearen ekimena bultzatzeko beharrezko duten dirua lortzeko baliabideak berreskuratzen ari dira, kontrabandoa, bahiketak...», dio Hicham al-Hachemi jihadismoan adituak.

Kirkuken eta Dijalan ere bai

Erasoak ez dira Salahedin eskualde sunitara mugatzen. Kirkuken –kurduen hiriburu historikoa den baina egun Bagdaden mende dagoen hiriko probintzian–, martxotik hona erasoak hirukoiztu egin dira. Inteligentzia Zerbitzuen Kuartel Nagusiak eraso suizida jasan du azken asteetan.

Dijala probintzian, ipar-ekialdetik Bagdadekin mugan dagoen landa eskualdean, nekazariak beldur dira eta ez dira ausartzen beren lurretara joaten. «2014an gertatu zena datorkit burura», kexu da Adnane Ghadbane. Bere bi lehengusu ospitalean daude, lanean zeudela jihadistek beraien aurka tiro egin ondoren. Ghadbane tribu suniten buruzagietako bat da Baaquban, Dijalako hiriburuan. «Soldaduak konfinamendua betearazten ari dira eta jihadistak aiseago mugi daitezke».

Ez da, hala ere, koronabirusa ISISek baliatu dezakeen arazo bakarra, Irakek bere gertuko historian bizi duen krisi sozial eta politiko gordinenaren erdian.

«Jihadistek gertu-gertutik jarraitzen diote egoera politikoari», ohartarazi du Fadel Abou Reghif adituak. Lehen ministro kargurako bi hautagaik amore eman behar izan dute eta hirugarrenak nahiko lan du, protestekin jarraitzeko kalera noiz irten ahalko diren irrikan dauden herritarren aurrean.

Segurtasun arloan, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) zalantzan jarri dute Irakeko tropak gai ote diren bere «Koalizioaren laguntzarik gabe» ISISen aurka operatibo garrantzitsuak aurrera eramateko.

Dena den, aditu guztiak bat datoz, erasoak ugaritu egin diren arren ISISek ez duela, egun behintzat, herriak eta probintzia osoak mehatxatzeko 2014an zuen ahalmenik. «ISISek ez du bere hasierako forma berreskuratuko; alegia, Britainia Handiaren azalera zuen kalifa-herriarena», esan du ziurtasunez Abou Reghif-ek.

«Garrantzitsuena ez da eraso kopurua, erasoek erakusten duten indarra eta konplexutasuna baizik. Zer arma erabiltzen dute, zer estrategia darabilte? Horra hor gakoa», azpimarratu du «Nazioarteko Koalizioaren» bozeramaile batek.

Sam Heller ere bat dator ez gaudela 2014ko egoeraren atarian. «Erasoak ugaritzeak ez die kalifatoa itzuliko. Oldarkortasuna adierazten du, bai, baina horrek ez du esan nahi ISISek ahalmen berriak edota izugarriak dituenik».