Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Azken gutuna

Fresneseko kartzelako kanpoaldetik ziegak ikusten ziren, sastraka artean burua sartuz. Gauetan, bisiten ondoren, lasterka egiteko aitzakian, aterpetik kartzelarainoko hiru kilometroak egiten nituen korrika, eta han inguruan ibiltzen nintzen, zeurea zein ziega zen asmatu ezin. Siluetak ikusten nituen, mamuak ziegetan barna alderrai. Oso herri isila zen Fresnes, presoen ziegatik ziegarainoko oihuak entzuten ziren, elkarri zigarretak eskatzen, baten bat otoitzean. Eta han nonbait, zeu, nire anaia. Batzuetan bi minutu ematen nituen, beste batzuetan berrogei, eta bisitan esan ez nizkizun gauzak esaten nizkizun. Dena dakizu nitaz, baina denetik harago bada tarte bat, beharbada gauzak esateko maneran dagoena. Aurrez aurre nahi izaten duzulako gauzak modu sosegatuan esan, esan nahi duzun horrek batere sosegurik ez badu ere. Hantxe geratzen nintzen zurekin mintzo, hotzak harrapatzen ninduen arte. 22 urte pasa dira joan zinenetik, eta ez dakit pasarte hori baino hoberik ba ote den hau guztia laburbiltzeko: horma bat eta alde banatan geu, bakarrik, mamuekin edo elkarren artean hizketan ote geunden jakin gabe. Beti iraganari so, beti etorkizunaren zain. Edo, beste modu batera ikusita, bi haur, biak amaren sabelean, umetokiaren azal finak bereizita, elkarri so, elkarren zain. Eta oharkabean, hemen da etorkizuna, 22 urteotan izan ez duen orainaldiko lurrinaz mozorrotuta. Geratzen zaigun bizitzaren txatalak josiz, bizirik. Elkarrekin.