Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Eibarrek Lehen Mailan jokatuko du, Athleticekin eta Realarekin batera

Españako Federazioak ostiralean berretsiko dudenboraldiaren amaiera emakumezkoen futbolarenmaila guztietan. Jaitsierarik ez da egongo bainaigoerak errespetatuko dira.

Espainiako Federazioko Zuzendaritza Batzordeak eta Batzorde Delegatuak ostiralean berretsi beharko dute baina, sekulako ustekaberik ez badago, denboraldia amaitu da emakumezkoen futbolaren maila guztietan.

Honen ondorioz, Lehen Mailan Bartzelonak –lider zegoen Liga eten zenean– bosgarren titulua irabaziko du, Athleticekin berdinduz. Eta Atleticorekin batera –bigarrena zen, Bartzelonagandik 9 puntura eta Levantek baino bost gehiagorekin– Champions Leaguen lehiatuko da datorren denboraldian. Valencia eta Espanyolentzat, berriz, ez da ondoriorik egongo eta, jaitsiera postuetan egon arren –zuri-urdinen kasuan partida bakarra ere irabazi barik–, mailari eutsiko diote.

18 talde izango ditu Lehen Mailak, Bigarren Pro-tik bi talde igoko baitira. Ipar Multzoan Athletic B zen liderra baina, gainetik lehen talde zuri-gorria duenez, Eibarrek eskuratuko du igotzeko txartela. Orain dela hamarkada bat porrot borobila izan zen Superligan aritu ondoren, armaginak maila gorenera itzuliko dira. Hego Multzotik Santa Teresa igoko da.

Zailagoa dirudi Bigarren Prora igotzeko prozesuak, egoitza neutralean lehiatuko litzatekeen play-off «expres» baten bidez egin nahi baitu RFEFk. Añorgak jokatu beharko luke, II. Multzoa ordezkatuz, bera baitzen lider Liga eten zenean.

Kopari dagokionez, finalerdietako neurketak (EDF Logroño-Athletic, Bartzelona-Sevilla) eta finala datorren denboraldian jokatuko direla erabaki du Federazio espainolak.

RFEFk, beraz, ez die kasurik egin Kluben Elkarteak –Lehen mailako 13 talde biltzen ditu– egindako eskaerei. Hauek erabakiak lasaitasunez eta kontsentsuz hartzea eskatu zuten, Liga behin betiko bertan behera uzteak 600.000 euroko galerak ekarriko dizkiela gogoraziz.