Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kanpoan Ko, etxean Go, antza

Nahastuta nago faseen garai nahasian. Bueltarako hamaika aholku jaso, handik eta hemendik, buelta hori segituan baletor bezala… eta hara non enteratu naizen ezetz! buelta ez dela berehalakoan izango, Vuelta urrian izango dela! Eta jakina! Ikusten nago jelkideak haserre, Vuelta oraintxe hastea eskatuz, horretarako «giro» izan badutela, hauteskunde aldapan sprinterako gertu… Total, buelta bat faseka, bestea etapaka. Eta faseak etapaka. Kristo halakoa!

Harira, Murgoitio! Bale, banoa, demontre! Total, pasa den astelehenean 0 fasearen atarikoa zela, jendea ziztu bizian kalera, batzuk biluzik, beste batzuk umeak etxean ahaztuta, eskuak bi metrora luzatuta, konfinamenduari lehenengo aldiz etxeko atea zabalduta, ez balkoiarena… Eta eguzkia on-line, kristoren bero-sapa, sargoria…. Ez nion ba aita bati entzun umeei esanez, eskuak buru bueltan imintzioka, «goazen etxera, eulia dakar eta!». Baina larriena arrastian zen etortzeko… baten batzuen amona ile-apaindegitik irten berri eta horra! galarrenaren haize-boladekin egin topo! Bi minutu beranduago bueltan zen tegira… Ekonomia zirkularra diote euskal oasikoek.

Hiztegia hitz berriak ezagutzen ari da, «Hizteria» diote “Berria”-ko lagunek. Izen berriak ezagutu, izanarena beste kontua da. Erraza da berbak gehitzea, gaitza horiei adiera ematea eta gaitzagoa gauzatzea. Horra Kogobernantza zer horrena. Gobernantza bera zer zen oraindik argitu gabe zeukatela, hara non Kogobernantza! Estatuaren panorama ikusita argi dago zer horretan zein den On Kixote eta zein Santxo Pantza. Total, kanpoan uso eta etxean otso, han Kogobernantza, hemen Gobernuantza, edo Kobernantza, Akuria Eneko kobatikoa. Ko aurrizkia modan jarrita ez ninduke harrituko jelkideen biharko euskal lurraldeen konfederazioari Konfebask 4.0 esatea… Ama, ama!