2020/05/13

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Billy eta haurra
Ez zuen alde egin. Ormaiztegitik bueltan harrapatu zuten, bera eta herriko beste gazte batzuk. Hamar eguneko atxiloaldia jasan zuten, eta Billy el Niñoren torturak

Ormaiztegiko festak, 1978ko abenduaren 2a. Larunbat gauerdia pasatxo. Seko lo nago, pauso-hots eta ahots arrotz ugariek ohean eserita jartzen nauten arte. Logelako zurezko zorua altxatzea proposatzen du batek; errugbi-boten takoen poltsa harro erakusten du besteak, «armategiaren inkautazio-sari nagusia» aurkitu balu bezala. Karneta eskatzen didate builaka. Ez daukat. Buila handiagoz esaten die gure amak hamahiru urteko haurra naizela, eta ondoko ohean egiten duela lo seguru asko parrandan dabilenak. Alde egiten dute logelatik.

Hiruzpalau ordu geroago esnatzen naiz, nire kabuz oraingo honetan. Dena amesgaizto hutsa izan al da? Pasilloan aurrera egiten dut hanka-hutsik. Ahotsak entzuten dira sukaldean. Kafea eskaintzen dio amak norbaiti. Baietz diote bi ezezagunek. Errudun sentitzen naiz: nola liteke zakur festa honen erdian nire erreakzioa lo sakon luzea izatea? Guraso-lotsa sentitzen dut: ama, zergatik eskaintzen diezu kafea sasikume horiei? Aita, non zaude? Esperantza ere bai: ihes egingo ahal duzu, Mikel!

Ez zuen alde egin. Ormaiztegitik bueltan harrapatu zuten, bera eta herriko beste gazte batzuk. Hamar eguneko atxiloaldia jasan zuten, eta Billy el Niñoren torturak. Egun haietako batek, asteazkenak, demokrazia ekarri omen zion Espainiari. Guri ez, zer esanik ez dago. Anaiari, gertaera hark atxiloketa bilduma aipagarri baten hasiera ekarri zion, besteak beste. Amari, semearen etorkizunari buruzko kezka etengaberako oinarri sendoagoez aparte, presoen belaunaldien arteko katebegia izateko aukera ekarri zion: umetan aita bisitatu zuen kartzelan; zaharretan, seme zaharrena bisitatuko zuen. Aitari zer ekarri zion ez dakit, horrelakoetan alkate alderdikideak hutsaren hurrengoa balio duela irakasteaz gain. Arreben izenean ez dut hitz egingo.

Niri dagokidanez, larunbat gau luze hark loa ez, baina nerabezaroa lapurtu zidan; hamalau urte betetzerako gazte heldua egin ninduen, helduegia akaso. Batek daki. Udaberria lapurtu diguten honetan, horrelakoetara bultzatu dit gogoa Billy el Niñoren heriotzaren berriak.