2020/05/14

«Herriak bere egin zuen Everesteko igoera hura»

Martin Zabaleta GARArekin mintzatu da, duela lau hamarkada munduko mendi garaienean hamabi laguneko espedizioak lortutako arrakastari buruz. Alpinista hernaniarraren hitzetan, igoera hark Euskal Herriaren nortasuna ikusaraztea izan zuen helburu.

Andoni ARABAOLAZA
0514_zabaleta1

40 urte igaro dira Martin Zabaletak Pasang Temba xerparekin batera Everesteko gailurra jo eta ikurrina jarri zuenetik. Denbora luze honetan, hamabi lagunez osatutako espedizioaren nondik norakoak liburu, testu eta hedabide ugarik jaso dituzte. GARAk “eten” txiki bat egin nahi izan du, eta Montanan (AEB) bizi den alpinista hernaniarrarekin hitzordua egin du lorpen haren arlo batzuk aztertzeko.

Ezagutzen dugunok jakin badakigu Zabaleta oso introspektiboa dela, eta ez duela inolako protagonismorik nahi. Horregatik, hasteko eta behin, esan digu oso urruti ikusten duela Everesteko igoera hura: «Jakina gogoan dudala, baina hamarkada asko igaro dira eta nahiago dut beste gauza batzuetan pentsatu. Momentu hartan kristoren ilusioa egin zidan. Baina une honetan bidean geratu diren lau espediziokideekin soilik gogoratzen naiz. Hori da inportanteena», argitu du.

Hala ere, aipatu diogu igoera hura ez zela euskal mendizaletasunaren historian sinatu den urrezko pasarte soil bat izan: «Bai, irakurketa horrekin erabat ados nago. Tximist espedizioa hori lortzen saiatu zen, eta guk asmo horri ginga jarri genion. Zuk diozun bezala, beste eite bat gehitu behar zaio. Gure lorpenak (talde batena izan zen) egundoko arrakasta izan zuen Euskal Herrian. Zalantzarik gabe, gure herriaren (eta bere nortasunaren) sinbolo bat bihurtu zen. Eta horrela demostratu nahi genuen geure etorkizunaren jabe izan nahi genuela; inoren interferentziarik gabe. Poz pixka bat sortu genuen; izan ere, garai gogorrak ziren: Espainiako Estatuak, errepresioa erabiliz, gogor kolpatzen gintuen. Gailurra zapaldu nuenean ‘Gora Euskadi askatuta’ oihu egin nuen. 40 urte igaro dira eta lema bera aldarrikatzen jarraitzen dugu».

Kirol ikuspuntutik begiratuta, arrakasta horrek bi “adar” dituela aipatu diogu protagonistari. Lehendabizikoa, zenbaki bat: 104. mendizalea izan zen tontorra lortzen. Eta bigarrena, gurea bezalako herri txiki batek aukera izan zuela lorpen hori erdiesteko: «Bai, gerora euskal mendizaleek mendi garai horietan igoera askoz ere hobeagoak egin dituzte. 12 laguneko espedizioa izan zen eta nik oxigeno artifiziala erabili nuen, eta badakizu ni estilo arinaren aldekoa naizela. Garai haietan hori egin behar genuen».

Beste etapa bat

Zalantzarik gabe, Everestek Zabaletaren alpinismo ibilbidean aldaketa handia eragin zuen: «Segurtasuna eman zidan beste urrats batzuk egiteko. Beldurra galdu eta izugarrizko lasaitasuna lortu nuen beste zortzimilako batzuetan jarduteko».

Eta asmatu zuen; izan ere, 1988. urtean bi alpinista historikorekin, Peter Habeler eta Carlos Buhler-ekin, Kangchenjungako ipar isurialdetik igo zen: «Cho Oyu ere sinatu nuen, eta saio politak egin nituen K2, Lhotse Shar eta Makalun. Jakina, ezin dut ahantzi 1985. urtean Hooman Aprin eta Randy Harrigton estatubatuarrekin batera Ama Dablam-en hego-mendebaldean zabaldutako ‘Lagunak Ridge’ bidea ere».

Hain zuzen, Zabaletak ibilbide oparoa izan du mendi txikiago batzuetan ere. Eta “pena” du mendizale asko eta jendartea oro har lorpen horiekin ez direlako inoiz gogoratzen: «Aconcagua, Denali, Patagonia, Huscaran... Nire bihotzean gordeta ditut. Orain, Everesteko gailur hura gogoratu behar dugu, eta, duela 40 urte bezala, berriro ‘Gora Euskadi askatuta’ oihukatu behar da».

LORPENA


«Arrakasta itzela izan zen Euskal Herrian, eta uste dut Everesteko igoera hura gure herriarentzat sinbolo bat izan zela».

GOGOAN


«Gailurra zapaltzeak kristoren ilusioa egin zidan, baina dagoeneko hamarkada asko igaro dira. Egun, zendutako espediziokideak ditut gogoan».