2020/05/16

Erreportajea
 
KULTURA ARLOKO LAN TXIKIEN HANDITASUNA KOLOKAN

Antzoki, zinema-areto eta agertokietatik kanpo ere badago kultura. Liburuetan, idazleak egiten duen lana baino askoz gehiago ezkutatzen da, baina ezkutuan egon arren ez da xumeagoa. Kulturak kolpe handia hartu du osasun krisiarekin, baina are handiagoa hartu dute gizartearentzat ikusezinak diren sektore horiek. Guk birekin hitz egin dugu: ilustratzaile eta itzultzaileekin.

Nagore BELASTEGI
0516_eg_irudi2

Osasun krisiak gogor kolpatu du kultura. Aspaldi eten behar izan zuten jarduera eta, laster berrabiatuko duten arren, normalean jende asko biltzen duten espazioak okupatzen dituztenez, normaltasunera itzultzen azkenak izango dira kulturako langileak. Hori dela-eta, jaialdi handi asko bertan behera utzi edo atzeratu behar izan dituzte, eta beste asko zalantzan daude oraindik zer egingo duten. Kultura sektoreari buruz pentsatzean orokortuak dauden eta egunerokotasunean kontsumitzen ditugun diziplinak ditugu: antzerki taldeak eta antzokiak, filmak eta zinema aretoak, musika taldeak eta kontzertuak... baina kulturatik bizi diren beste lanbide asko daude, ezkutuan inurritxoen pare lanean aritzen direnak, eta horiek gabe ezinezkoa litzateke kultura ezagutzen dugun bezala izatea.

Horien artean dauden hainbat eta hainbat lanbideren artean bi adibide besterik ez ditugu hautatu: ilustratzaileak eta itzultzaileak. Zein tristea litzatekeen kultura beraien jardunik gabe!

Eizie-rekin (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) hitz egin dugu. Egiten duten lanari baliorik ematen ez dionik izango da, baina argi izan behar dugu beraiei esker euskara «sendotu, malgutu, zabaldu eta ahaldundu» egin dela, jatorrian beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak gurera ekarriz. «Gure jarduna funtsezkoa da egungo euskal lurraldeetan, bai irakaskuntzan, bai administrazioan, baita liburugintzan ere», azaldu digute.

Alarma egoerako lehen asteetan lanarekin jarraitzeko asmoa zuten itzulpen-ekimen bereziren bat antolatuz, baina elkartean nahikoa lan zuten jada eta zerbait xumeagoa prestatzea erabaki zuten. Hala, online ikastaro bat prestatu zuten eta horrelako gehiago antolatzeko asmoa dute. Bestalde, Roberto Piumini idazleak koronabirusaren inguruan italieraz idatzitako haurrentzako poema bat (“Zer dabil airean hegan?”) euskaratzeko enkargua iritsi zaie Europatik.

Euskarari bultzada

Itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen errealitatea askotarikoa izan da beti, baina orain, krisialdiarekin, egoera latzagoa da. «Dena den, gure jarduna gure laguntzari eta gure langaiari, euskarari, ematen zaien prestigioaren eta balio sozialaren mende dago, baita arlo gehienetan azken urte luzeetan gertatu den prekarizazio prozesuen mende ere», argitu digute. Momentu honetan itzultzaile eta zuzentzaile autonomo asko aurretik zituzten enkarguak egiten ari dira, baina eskaera berriak oso eskasak dira. Plantilletan dauden langileak telelana egiten ari dira eta ia arlo gehienetan lana asko apaldu denez, beren lan bolumena ere murriztu egin da. Administraziorako lana egiten dutenak ere arazoak izaten ari dira, eta argitalpenen kasuan domino efektua gertatzen ari da; hau da, testuliburuen eta literaturaren itzulpen batzuk kolokan daude.

Interpretazioari dagokionez, aurrez aurreko saio guztiak bertan behera gelditu dira eta bilera birtualetan urruneko interpretazioa egiten hasiak dira batzuetan. «Azken bi hilabeteotan ez da ia interpretazio lanik egon. Horretan diharduten gehienak autonomoak dira eta aurreikuspenak ez dira batere optimistak», kontatu digute Eizie-koek. Prestakuntzan, berriz, mintegi presentzial guztiak eta literatura itzulpenak sustatzeko ekimenak bertan behera gelditu dira. Azken hauen hutsunea sumatzen dute gehien, eta prestakuntza-saio horiek berrantolatzen saiatzen ari dira.

Aurrera begira jarrita, azpimarratu nahi dute beraiek «itzaleko langileak» izan arren testuak ez direla «xirmi-xarmaz hizkuntza batetik bestera ekartzen», eraldaketa horren atzean baldintza duinak merezi dituzten langileak daudela. Hori ahalbidetzeko politikak babestea eskatzen dute, baita euskarara ekarritako testuekiko mesfidantzak uxatzeko beharra ere. «Azken urte luzeotan euskarara itzuli diren testuak irakurtzera ausartu behar dugu, testu horiek euskarazko literaturari eta euskararen corpusari egiten dieten ekarpena» aitortzea garrantzitsua dela uste dute.

Gaizki egotetik okerrago egotera

Euskal Irudigileak euskal ilustratzaile profesionalen elkarteak ere antzeko kezkak ditu. «Prekarizatua zegoen sektore batetik gatoz, non gehienek ezin duten hilabetero kotizatu fakturazioa ez delako etengabekoa. Datuen arabera, %60k 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditu hilabetean. 2019an horien heren batek 250 euro ere ez zituen gainditu. Erdiak bakarrik iristen ziren Gizarte Segurantzan kotizatu ahal izateko minimora», azaldu du elkarteak. Datozen hilabeteetan datu horiek are baxuagoak izango direla uste dute. «Zoritxarrez, ez dago gure esku egoera aldatzea. Beti egokitzen saiatu gara eta hilabete amaierara soldata eskasekin iristeko moldatu izan gara, baina merkatua geldi badago eta pandemia dela-eta ekimen kulturalak debekatuta badaude, gure diru iturria desagertzen da».

Madrilek iragarritako laguntzei dagokienez, ikuskizun arloko sortzaileei zuzendutakoak direla diote, eta arte grafikoko langileak alde batera utzi dituela. Gauzak horrela, atsekabe handia sentitzen dute orain ilustratzaileek. Lurralde mailan bestelako laguntzak sustatu izana txalotzen dute, horiek eskuratu ditzaketelako. «Hala ere, batzuetan oso zaila da erakustea %75eko galera izan dugula: enkargu bat onartzen dugunetik, amaitu, fakturatu eta kobratzen dugun arte hainbat hilabete pasa daitezke. Segur aski krisialdi honen ondorioak urtebete barru nabarituko ditugu», azaldu du elkarteak.

Horrez gain, bertan behera gelditu diren azoketan jasoko lituzketen irabaziak ezin dituzte zenbatu, eta egile eskubideengatik jasotzen duten dirua ere ez. Hori dena ikusita, aurrerantzean kontratuak egiteko modua aldatu beharko dutela uste dute, enkargua jaso bezain pronto euren lanaren frogagiri gisa balio duten paperak izateko.

Sektoreko langileak ez daude oso baikor; egindako inkestaren arabera, %80k diote krisialdiaren aurretik beren egoera «konplexua» zela, eta %78k uste dute krisialdiaren ostean beren egoerak okerrera egingo duela. Aurreikuspenen arabera, datozen hilabeteetan 250 euro baino gutxiago kobratuko duten profesionalak %45 izango dira, eta kotizazioak %15 eta %28 bitartean kokatuko dira.

Elkarteak egin duen inkestan parte hartu duten 113 pertsonek emandako datuak kontuan hartuta, orain arteko galerak 77.457 eurokoak dira; ia profesionalen erdiei 1.000 eta 3.000 euro bitartean zor dizkiete jada egin dituzten lanengatik. Era berean, proiektuen %63 bertan behera gelditu dira.

Non daude ilustrazioak?

Itzultzaileen kasuan bezala, ilustratzaileen lana ere bigarren maila batean kokatu ohi da askotan eta publikoa ez da konturatzen zein garrantzitsua den. «Komunikazio bisualik gabe, irudirik gabe, ilustraziorik gabe, industria askok ez lukete tresnarik izango publiko handira iristeko. Kartelak, prentsa, haur liburuak, komikiak, bideo-jokoak, animazioa... baina baita egunerokotasuneko produktuak ere, non ideiak ilustrazioaren bitartez islatzen diren. Inoiz ez gaituzte gehiegi baloratu, baina desagertuko bagina, industria asko gu faltan botatzen eta gure lanari merezi duen balioa ematen hasiko lirateke», argitu dute.

Bokazioz egiten diren lan askotan gertatzen da antzeko zerbait, lanean jarraitzen dutela egoera kaskarrak direnean ere. Agian, geldituko balira beraien lana zein garrantzitsua den ikusiko genuke.

Alarma egoera igarotakoan ilustratzaileei laguntzeko, sektore horretan inbertitzea garrantzitsua izango da, baita irudien erabilera sustatzea ere. Era berean, egiten duten lanari balioa emanez gizarteak jakin ahalko du irudi bat sortzeko zenbat lan egin behar izaten duten. Elkarteko ordezkariek uste dute egoera horiek hobetuko balira, sortzaileak baldintza duinetan sortzeko gai izango liratekeela eta horrek, finean, isla duela gizarteak kontsumitzen duen horretan.

Krisialdia hasi zenean, Euskal Irudigileak elkarteak egin zuen lehen gauza e-mail sare bat osatzea izan zen, euren bazkideei laguntzen inguruko informazioa helarazteko. Ilustratzaileen arteko zuzeneko komunikazio horri esker, izaten ari ziren lehen arazoez jabetu ziren. Pandemiaren eraginez proiektuak bertan behera geldituko zirela, enpresa batzuetan kaleratzeak eta aldi baterako lan erregulazioak izango zirela eta laguntza batzuk lortzeko ezintasuna aurreikusi zituzten horrela. Hortik, EAE mailan sektorearen diagnosi bat egiteko inkesta bat egitea eta Estatuan #ilustracionenlucha kanpaina martxan jartzea erabaki zuten.