Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO LIBURUAK

Mendiko literaturan, ipuinen protagonismoa

Liburu honetan, Antxon Iturrizak mendiko literaturan hain gustuko dituen ipuinak aurkezten dizkigu. Une batez, Euskal Herriko mendizaletasunaren historia alde batera uzten du, eta fikziozko kontakizunen aldeko apustu garbi eta gardena egiten digu.

Jenny Egusquizaren ilustrazioek lagunduta, mendi gaietako kronikari, idazle eta historialari donostiarrak “bihurgune” ezberdinetatik eramaten gaitu lan honetan. Asmatutako kontakizunak dira, baina lasai asko esan genezake horietako batzuk-batzuk gizartearen isla baino ez direla.

Bidaia txikiak dira, motzak, baina era berean oso intentsoak. Gainera, idazle honek ondo menderatzen ditu eduki ezberdinak; behin baino gehiagotan ezustean harrapatzen gaituztenak. Adibidez, On Kixotek eta Santxo Panzak harkaitz bat eskalatzen bizi duten esperientzia bertatik bertara transmititzen digu. Iturrizak, beraz, fantasiaren munduan barneratzen gaitu.

Horretarako, Karakorumeko haranetara bidaiatzea proposatzen digu, maitasun istorio bat ezagutzeko. Antzinako abelbideen barruan ibilbide zoragarria egiteko aukera ere izango dugu. Gidari berezi batekin; hots, artzain batekin.

Gizabanakoen egoera latzek ere berezko lekua dute, eta idazleak hala adierazi nahi digu, adibidez, Boliviako Panpan bizitakoa. Mali, Suitzako Alpeak... Mendiak eta paretak... Gizabanakoak eta egoerak... Eta, jakina, Euskal Herrian ere “geltokia” du: Araotzeko hormak.

Finean, Iturrizaren ipuin hauei esker irakurleak berak irudikatzeko duen gaitasunak indar handia hartzen du.