Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Aurreratutako Hauteskundeen Tenorea?

Lortu dugu! Ez, ez nago kutsatze-kurbaren pikoaren beheranzkoaz, ez horretaz. Orain justu berrogei urte, Chamo Longmu tontorreraino helduta, sokada aurreratuko bi kideek kanpamentu basean ziren lagunei walkie-talkiez eta pozaren pozez ozen esandakoaz nago. Lortu dugu! Balentria hura gaurko burura ekarrita, eskalatze guztiak berdinak ez diren seinale, are gutxiago deseskalatzeak. Hain da garrantzitsua kanpamentu basea estrategikoan kokatzea, denborazko perspektiban! Hain da funtsezkoa bideko denda-guneak leku egokian jartzea, igoera baino gehiago jaitsiera gogoan! Egia esan, planetako mundu guztietan dira gorabeherak, desertuetan ere bai; mendietan ez dena oasiak dira!

Chamo Longmu, izena eta izana. Normaltasun berria, edo normalkeria berritua?, lekuan lekuko izenekin batera izanak berreskuratzeko une aproposa, 0 km, Everest izen hori behingoz baztertuta. Alaskako McKinley hura betiko Denali bihurtua da, izenaz eta izanaz. Izan ere, behialako konkistetan bezala, egungo globalizazioan ere globalizatzaileak eta globalizatuak dira, guztiak “oronabirusaren” esku, eta 0 km da batari zein besteari eusteko kanpamentu basea... bestelako normaltasun bidean. Portzierto, jelkideen ustezko normaltasun berri zer horretan Jaungoikoa seguru baietz, baina lege zaharrak ere mantenduko dira? AHTren fase guztietan mantendu ote? Amen!

Tira, harira! Namasté! Hau kolpea gero, birusa birala bihurtu sareetan! Nago ni, birusak, gu guztiok ispilu aurrean biluzik jarrita, gure inguruko gizartea eta jendartea ezagutzeko aukera paregabea, hauxe bai berria, eskaini digula. Hortaz, errotondako pulpituaren agintaritzan asintomatikoak direnak ezagutu, kasurako... Total, abiadura handiko hauteskundeak salbu, beste epe guztiak atzeratu egin dira... ez dut ba entzun Gabonak Aste Santura pasako direla!