I.B.
BILBO

Leku publikoetan maskaren erabilera indartzeko neurriak iragarri dituzte

Gobernu espainolak datozen egunetan onartuko du leku publikoetan maskarak derrigorrez erabiltzeko agindua, Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta Exekutiboko eledunak atzo azaldu zuenez.

Adierazi zuenez, erkidegoetako agintariekin atzo izandako bileran ordezkariek «aho batez» onartu zuten maskaren ezinbestekotasuna, eta, horrela, Osasun Ministerioa ikertzen ari zen neurria indarrean sartuko da datozen egunetan. Ildo horretan, Salvador Illa Osasun ministroak iragarri zuen berandu baino lehen argitaratuko dutela Estatuko Aldizkari Ofizialean maskaren derrigorrezko erabilera arautzeko agindua. Ministroak ez zuen arau berriaren azalpenik eman, besteak beste, oraindik zehazten ari baitira, eta gaur bertan bilera izango du erkidegoetako osasun ordezkariekin gai honi buruz hitz egiteko, baina adierazi zuen maskaren nahitaezkotasuna «indartzeko» xedea izango duela.

Iñigo Urkullu eta Maria Chivite lehendakariek bat egin zuten atzoko bileran maskaren erabilera indartzeko proposamenarekin, batez ere leku itxiei dagokienez.

Maskaren derrigortasunari buruzko eztabaida azken egunetan puri-purian egon da, eta adituek nabarmendu dute neurri eraginkorra izan daitekeela birusaren hedatzea geldiarazteko.

Ordutegietan aldaketak

Bestetik, bilera horretan, Pedro Sanchezek jakinarazi zuen 10.000 biztanlera arteko herrietan jarduera jakin batzuk egiteko ordutegi tarteak kentzeko asmoa duela, orain 5.000 biztanle edo gutxiago dituztenetan gertatzen den bezala. Horrela, udalerri horietan bizi diren herritarrak beren udal mugartean kirola egitera irten ahal izango dira, eta ordubetez paseatu ahal izango dute, orain arte ezarritako ordutegiak bete beharrik izan gabe.

Kalera ateratzeko ordu tarteak maiatzaren 2an jarri ziren indarrean, zenbait jarduera arautzeko, hala nola haurren, adinekoen eta kirolarien irteerak, baina 5.000 biztanletik beherako udalerrietan ez ziren ezarri. Orain, udalerri gehiago sartuko dira salbuespen horretan.