Maider IANTZI GOIENETXE

SENIDEEN PROTESTA SANITASEN, «ZAINTZEA EZ BAITA ISOLATZEA»

BABESTU SENIDEEN ELKARTEKO KIDEEK PROTESTA EGIN ZUTEN ATZO BARAKALDOKO SANITAS ZAHAR ETXEAREN ATARIAN. EGOILIAR ETA LANGILE GUZTIEI TESTAK EGIN BADIZKIETE ETA EGOERA EZAGUTZEN BADUTE, EZ DUTE ULERTZEN ZERGATIK EZ DIETEN OSASUNTSU DAUDENEI ERE PASEATZERA ATERATZEN UZTEN. 46 EGUN DARAMATE JADA LOGELAN SARTUTA.

«Lehen erresidentziak, orain kartzelak», «Eskubideak ez daude adinaren mende» eta halako lelodun pankartekin egin zuten elkarretaratzea Babestu senideen elkarteko kideek Barakaldoko Sanitas zahar etxearen atarian. Izan ere, benetan kezkatuta daude. Egoiliar eta langile guztiei egin dizkiete testak, dagoeneko badituzte emaitzak eta badakite zein den egoitzako argazkia. Hortaz, senitartekoek ez dute ulertzen zergatik ez dieten osasuntsu daudenei paseatzera ateratzen uzten. 46 egun daramate logela barrenean.

Babestu elkarteko kide batekin mintzatu zen GARA, Amaiarekin. Ama du egoitzan; zorionez, osasuntsu. Baina Sanitas Barakaldon bizi diren 200 egoiliar inguruk bezala, berrogeialdi erreala bete eta gainditu du.

Hamar lagun elkartu ziren atzo goizean egoitzaren atarian, legeak manifestari kopuru hori baimentzen baitu. Zuzendaritzarekin mintzatu nahi zuten, baina zuzendaria ez zen atera. «Gure kezkarik handiena da senideek 46 egun daramatela logelan sartuta. Bertatik ateratzea eskatzen dugu», adierazi zuen Amaiak. 40 eguneko itxialdia betetzean ordu erdi pasilloan ibiltzen uzten hasi ziren, baina hori bakarrik, eta senideek ez dute ulertzen arrazoia. «Zergatik dauzkate hor sartuta?».

Egoitzaren argazkia badu zuzendaritzak. Senideek ez, ez dietelako datu argirik ematen. «Baina zuzendaritzak badaki zeintzuk dauden kutsatuta, zein diren asintomatikoak, zeinek pasatu duen gaixotasuna ohartu gabe eta zeinek dituen antigorputzak. Hori dena badakite, apirilean testak egin baitzizkieten denei, PCRak eta serologikoak. Egoiliarrei eta langile guztiei egin zizkieten», agertu zuen Amaiak.

Bakartzearen ondorioak

200 bat egoiliar bizi dira Barakaldoko Sanitasen. «Ez daukagu datu ofizialik, baina senideon artean hitz eginez jakin dugu gutxienez herenak kutsatu direla», azaldu zuen Babestukoak. «Jakiteko eskubidea dugu, baina ez dira gardenak. Bizkaiko Foru Aldundiak ere hilean behin ematen ditu datuak. Horrekin zerbait ezkutatzen dutela pentsatzen duzu. Ezkutatzea txarra da. Beldurra handitzen du».‬

Barakaldoko Sanitasen itxialdiaren bidez egin diote aurre birusari. Baina, Babesturen ustez, behin egoeraren argazkia izanda, «denbora nahiko izan dute estrategia aldatzeko». Maiatzaren 6an Osakidetzak protokolo berri bat atera zuen egoitza guztietarako eta bertan agertzen zen zein ona den isolamendua gaixotasuna ez zabaltzeko. «Baina motiborik gabe luzatzea txarra dela esaten zen, eta kognitiboki txarto daudenentzat txarrago, eurek ez dutelako ulertzen. Oso kezkatuta daude. Atera nahi dute».

«Protokoloa eskuetan, telefonoz hitz egin nuen zuzendariarekin, eta ezin izan zidan esan ez zutela jaso, beste senide bati esan zioten bezala. Apurka-apurka egingo dutela esan zidan, beldur handia dutelako. Babesteko egiten dutela diote. Baina ondo daudenak ez dituzte zertan horrela zigortu», adierazi zuen Amaiak.

Protestatu aurretik, itxaron egin dute, baina jada ez diote «zentzurik» ikusten «estrategia horri» eta, «gizatasunagatik», egoiliarrei ateratzen uzteko eskatzen dute. «Oso ahulak direla diote, baina pertsonak dira».

Elkarretaratzea amaitu zutenean egoitzaren alde batean dagoen atetik ateratzen ikusi zuten arduradun bat, kazetari baten atzetik. «Agian esateko bisitekin hasi direla. Asteburuan hasi dira ordu erdiko bisitekin. Ama ikusi nuen, bi metroko distantziarekin, oso babestuta, eskularru, bata eta pantailarekin». Ama eta biak ongi egonik, Amaiak «gehiegizkoa» deritzo material horri guztiari.