2020/05/22

Añorga, zalantza eta ilusio artean, igoerarako play-off espresaren aurrean
Amaia U. LASAGABASTER
0522_kir_futfem

Era guztietako amaierak egon dira kirol txapelketetan. Batzuk baliogabetu egin dituzte, beste batzuk amaitutzat eman dituzte txapeldunak, igoerak eta jaitsierak erabakita, eta gutxi batzuek hurrengo hilabeteotan berrekingo diote lehiari.

Azken horien artean dago emakumezkoen Lehen Maila. Espainiako Federazioak igoerarako zortzi hautagaiak zeintzuk diren erabaki du (multzo bakoitzeko liderra eta bigarren onena). Baina orain «play-off espres» bat jokatu beharko dute –partida bakarra egoitza neutral batean– Reto mailarako lau txartelak erabakitzeko.

Zalantza asko sortu ditu formulak, maila hauetan baldintza ekonomikoak oso apalak baitira eta taldeek osasuna bermatzeko eta baldintza minimoetan lan egiteko gastu handiei aurre egin beharko baitiete, Espainiako Federazioak jokalarien test serologikoen kostuak bere gain hartuko dituela azaldu duen arren.

Zalantzak azkar argitu beharko dituzte, play-offa berez uztaileko azken asteburuan jokatu beharko duten arren, ekainaren 4a baino lehenago esan behar baitiote Federazioari jokatzeko asmoa duten. Eta ez da erraza, Oier Berra Añorgako arduradunak onartu duenez.

Berrak ez du ezkutatzen klubean «ilusio handia» dagoela Retora igotzeko aukera izateagatik, horrek «buruhauste dezente sortuko» lukeen arren, gastuen handitzea dela eta. Baina ilusioarekin batera, kezka eta zalantzak dira nagusi añorgatarren artean; «ez baitakigu nola egin diezaiokegun aurre honi».

Logikoena, Berraren ustez, eta egoera berean dauden talde gehienena, igoerak zuzenean erabakitzea izango litzateke, «edozein irtenbide zaila dela jakinda». Play-offarena baino hobea, behintzat, badirudi. Añorgako arduradunak gogorarazi duenez, «Lehen eta Bigarren mailetako taldeek segurtasun protokolo erraldoi bat jarraitu behar dute lehiaketarekin jarraitzeko. Emakumezkoen Lehen Maila bertan behera utzi dute taldeek horri aurre egiteko gaitasunik ez dutela uste dutelako. Nola izango dugu guk?». Test serologikoak alde batera utzita ere, «PCR testak, lan egiteko baliabideak, play-offa jokatzeko bidaia.... gauza asko daude. Gure zelaia, adibidez, zabalik dago, ezingo genuke bertan lan egin. Horrek guztiak lan asko eta diru asko exijitzen du». Eta txarrena da «gaur egun oraindik ez dakitela ziur ze protokolo jarraitu beharko genukeen».

Edozein kasutan, ilusioak ere pisua dauka kezken aurkako borroka horretan. «Ari gara hizketetan, alde batetik, baliabideak aurkitzeko, non entrenatu dezakegun, nola egin diezaiekegun aurre beharrei, eta, bestetik, Federazioekin, zehazki zer egin beharko genukeen jakiteko». Bi aste besterik ez ditugu erabakia hartzeko baina, erronka zaila izan arren, Añorgak ez du bidea amaitutzat eman nahi.