Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO LIBURUAK

Thriller ukitua, baso misteriotsu batean

Duela bederatzi urte, Endika Urtaranek Desnivelek antolatzen duen literatura lehiaketa irabazi zuen “Huida al Tibet” eleberriarekin. Idazle gasteiztarrak abentura ardatz duen nobela horrekin “ezustean” harrapatu gintuen. Mendiak, altxorrak, arriskuak... Finean, akzioa eta abentura erdigunean jarri zituen; hots, genero hori mendira eraman zuen.

Argitaletxe horretatik irten gabe, sei urte geroago, Urtaranek “Bosque” aurkeztu zigun. Bat-batean, gasteiztarrak goitik behera aldatu zituen osagaiak. Oraingo honetan, mendia alde batera utzi eta baso misteriotsu batean murgiltzen gaitu. Honako hiru genero hauek nahasten ditu: thriller psikologikoa, eleberri bukolikoa eta izua.

“Bosque”-n Sebas dugu protagonista. Hiritik inoiz atera ez den maila txikiko trafikatzailea. Abiapuntua basoa da. Han esnatzen da ezer gogoratu gabe. Ez daki zerk eraman duen alderdi horretara. Eta konturatu orduko, erabat harrapatuta dago. Zuhaitzen labirinto horretatik ihes egiten saiatzen da, baina ohartzen da ezinezkoa dela. Hurrengo urratsa, beraz, bizirautea da. Bakardadean.

Egoera berri horrek protagonista beste estadio batera eramaten du. Inoiz planteatu ez dituen galderak bata bestearen atzetik iristen dira. Eta horregatik guztiagatik atzean utzi zuena zalantzan jartzen du.

Hitz gutxitan, “Huida al Tibet”-en bezala, era dotorean eta erritmo egoki batekin misterio, min eta biziraupenean oinarritutako istorio bat kontatzen digu. Hots, gizabanako batek naturarekin duen harreman berezia da. Zentzu guztietan, gainera.