Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Alex Puccioren sasoia ez da 8b+ zailtasunetik jaisten

Eskalatzaile estatubatuarrak «Super low Chimichanga right» sinatu berri du. 8b+ mailako bloke baten lehen igoera absolutua egiten duen lehen emakumezkoa bihurtu da. Flash eran 8a ere egin du.

Alex Puccio emakumezkoen artean boulderreko munduko espezialista indartsuenetarikoa da. Hori inork ez du zalantzan jartzen. Batzuek diote onena dela. Eskalatzaile estatubatuarraren ibilbideari begiratzen badiogu ikusiko dugu zortzigarren mailako 200 bloke egin dituela. Horietako 36 8b mailakoak dira, eta sei 8b+ zailtasunekoak. Baten batek esango du 8c mailakorik ez duela, eta arrazoi osoa du. Baina erregulartasun horrek plus bat eransten dio.

Pucciok argi du “ohore” hori izaten jarraitu nahi duela, eta bere sasoia hala erakusten ari da. Nahiz eta koronabirusaren pandemiak etxean egotera behartu duen, gogor entrenatu da. Itxialdi hori amaitu bezain pronto, blokeak “astintzera” irten da, eta onartu behar zaio oso indartsu itzuli dela.

Protagonista honek, adibidez, Coal Creek-en dagoen “Super low Chimichanga rigth” blokearen lehen igoera sinatu berri du. 8b+ bezala aurkeztu du; hots, maila bereko bere seigarrena. Hori gutxi ez, eta historia egin du. Orain arte 8b+ zailtasuneko proposamen guztiak gizonezkoek egin dituzte. Hots, lehen igoerak egin dituzte. Bada, Pucciok boulderreko komunitateari hori guztia aurkeztu dio.

Horren inguruan zera adierazi du: «8b+ baten lehen igoera femenino absolutua izan daiteke. Eta horrek pozten nau. Alabaina, egin dudan bakarra da 8b bati 7b bat gehitu. Beste era batera esanda, ‘Chimichanga’ blokeari pauso batzuk gehiago gehitu dizkiot».

Irakurtzen den bezala, Pucciok 8b+ mailan duen erregulartasuna itzela da. 8c mailara jauzi egitea falta zaio. Baina onartu du gai horrek ez diola buruhausterik sortzen: «Zailtasun horretan sartzea nire helburua da. Eta hori lortzeko gogor borrokatzen jarraituko dut. Hala ere, ez dut presarik». Gai honi dagokionez, gogoratu behar dugu munduan soilik hiru emakumezkok erdietsi dutela 8c: Ashima Shiraishik, Kaddi Lehmanek eta Mishka Ishik.

Flash eran

Zalantzarik gabe, estatubatuarra itxialditik sasoiko itzuli da, eta hori azpimarratzen dugu, besteak beste, 8b+ hori sinatu zuen egun berean “Super low Chimichanga” igo zuelako. Neurri batean, bederen, eginiko bi jarduera horiek ez dute inork ezustean harrapatzen; izan ere, bloke berdina da.

Azken korapilo horri beste hiru 8b gehitu behar dizkiogu: “Muscle car light”, “Get laid diabolical” eta “Small box low”.

Amaitzeko, Pine Cliff izeneko alderdian lerrootako protagonistak aukera izan du beste jarduera azpimarragarri bat egiteko. “Princess Leia” blokea (8a) flash eran sinatu du. Bere kide Isabelle Fausek aurkitutako eta landutako korapilo hau, beraz, oso-oso azkar igo du. Estilo horretan igo duen bosgarren blokea da. Azkena, duela lau urte lortu zuen: «Gogo handia nuen estilo horretan maila horretara itzultzeko. Ederra izan da!».