Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Euskal kantariak denonak zirenekoa

Duela 35 urte argitaratu zen «Euskal kantagintza berria (1961-1985)» liburua eta, agortuta denbora luzez egon ondoren, edizio berria atera du Erein argitaletxeak. Garai bateko euskal kantugintzaren mamia jaso zuen Pako Aristik hainbat musikariri egindako elkarrizketa intimoen bidez; hala nola, Xabier Lete, Mikel Laboa, Hertzainak, Imanol, Itoitz eta Izukaitzi. Jaso zuen edukiagatik, liburua erreferentea da eta ondoren idatzi ziren asko elikatu zituen.

Bitxikeria batzuk deskubritu eta hausnarketa batzuk plazaratu ditu Pako Aristik, “Euskal kantagintza berria (1961-1985)” liburua idatzi eta argitaratu zenetik 35 urte igaro direnean. Lehen edizio hura berrargitaratu du Ereinek eta bizipen asko azaleratu dira. Saihetsezina.

Orain badakigu, adibidez, liburuaren ideia izatez Bernardo Atxagarena izan zela, hark eman zuela Aristiren izena argitaletxean. 1984. urtea zen eta Kazetaritzako ikaslea zela, Leioan, musikari-sortzaile asko elkarrizketatu zituen liburua osatzeko. Solasaldi intimoak ziren, luzeak, baina haien sorkuntza ez ezik, iritziak eta bizipenak jaso zituen, berrargitalpenaren aurkezpenean adierazi zuenez.

Eta «musikari-sortzaile» aipatu zuen, zeren baldintza batzuk bete behar zituzten, bere irudikoz, hautatutako pertsonaiek. «Kantaria behar zuen izan, bere kantuen sortzailea eta euskaraz kantatu behar zuen». Benito Lertxundi, Errobi, Gorka Knörr, Hertzainak, Imanol, Itoiz, Izukaitz, Lourdes Iriondo, Peio eta Pantxoa, Xabier Lete, Urko, Oskorri, Niko Etxart, Mikel Laboa eta Jotakie bildu zituen, beste batzuen artean.

Generoaren inguruan hausnarketa egin zuen, gauzak asko aldatu baitira. «Liburu hau eta beste asko errepasatuta ohartzen zara protagonistak ia gehienak gizonezkoak zirela. Musikarena gizonen mundua izan da», gaineratu zuen. Garai hartan berebiziko garrantzia izan zuten lau emakume musikari aipatu zituen, Amaia Zubiria, Lourdes Iriondo, Odile Kruzeta Izukaitz taldean eta Maite Idirin. Eta onartu zuen: «Ez nien eman merezi zuten lekua».

Zenbat zigarro eta whiski

Enkargua martxan jarri zuenean, aitortu zuenez, «berehala» ohartu zen arazo bat bazuela: «Erreferentzia falta, inork ez zuelako horrelako libururik idatzi. Euskal kantagintza purian zegoen, politikan eragina zuen, sozialki oihartzuna eta euskal nortasuna indartzeko balio zuen; oso gai garrantzitsua zen eta apetitosoa, baina inork ez zuen ezer idatzi liburu formatuan». Eta erreferente falta horretatik abiatuta, Aristik kontatzeko modu bat sortu zuen. «‘Rolling Stone’ aldizkaria erakutsi ziguten Leioan, fakultatean, eta gogoratzen naiz hango erreportaje sorta batzuekin Anagramak liburu bat atera zuela. Molde horretan aurkitu nuen bidea, liburu hau egiteko teknika narratibo edo periodistiko hura baliatu nuen», kontatu zuen.

Musikariak luze eta zabal elkarrizketatzeko, bakoitzaren bizilekura joan zen, haiekin egun bat pasatzera. Eta bakoitzaren iritziez aparte jaso zuen «nola bizi zen, nolakoa zen, zer galtza zituen soinean, zenbat zigarro erretzen zituen edo zenbat whiski edan zituen… bizitzako zertzeladak ziren». Nortasuna zehazteko detaileak ziren gakoa.

Garaiak aldatu dira, baita ere musikaren indarra eta uzten duen hondarra. «Euskal kantagintza garai hartan euskal identitate bat osatzera zetorren arte bat bezala ikusten nuen, ez da ahaztu behar frankismoaren garaian sekulako debekua, zapalkuntza, zentsura sufritu genituela. Kantari hauek irudia eman zioten Euskal Herriko mapari, kantagintzak beti agertu izan ditu herri bateko kezkak. Jendeak buruz zekizkien hemen agertzen ziren kanta asko, ikasi egiten zituzten, fotokopiatu egiten ziren kanta haiek –oroitu du–. Uste dut kantagintzak galdu duela gizartean presentzia baina baita ere euskal nortasun edo identitatean eragina izateko ahalmena ere. Kantari hauek ziren denon kantariak. Gerora zer etorri da? Sentsibilitate anitza, dibertsifikazioa; orain funtzio indibiduala du musikak, lehen kolektiboa zen».