Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Urrutiko heriotzak

Hamar bat urte izango nituen gure aitona hil zenean. Udalekuetan nengoen Bernedon eta ez zidaten ezer esan, gaixo samar zebilela besterik ez, gutun batean. Aitak bueltan eman zidan berria, zuzenean elizara ninderamala. Begi bustia naiz oso, baina erruaren sakonak ez zidan malkorik isurtzen utzi orduko hartan. Gaixotasunaren berri ahaztu ez, eta otoitz egin banu, aitona bizirik legoke, akaso!

Haurren buruetan horrelakoak sartzen dituen erlijio orok immorala behar du derrigor. Horretaz ohartzeak eta Bertrand Russellen “Zergatik ez naizen kristaua” irakurtzeak ateo egin ninduten konfirmaziorako adina izan aurretik (oharra nire buruari: apostasia bidera ezazu behingoz, Kepa!). Baina aitonarenak beste egiaren bat ikasteko aukera ere eman zidan: garrantzitsua da gaixoa gertutik zaindu ahal izatea, azken muxua, azken laztana ematea; garrantzitsua da, berebat, gorpuari aurrez aurre eta taldean egitea agur; samina aldi berean besteekin partekatzea, gorpua eta norbera presente daudenean. Osin beltza egiten du gogoan urrutiko heriotzak.

Egia horiek ez zitzaizkidan berehala ahaztuko: aita pontekoa eta amona ere urruti nengoela itzaldu zitzaizkidan. Telefonoz jaso nituen berriak, nazioarteko deien kostuak xehetasunetan luzatzeko tarte gutxi uzten zuen garaietan. Geroko internetak ez zuen kontua asko goxatu, hala ere, Essery laguna Yemenen bortxaz hil zutela jakinarazi zidanean. Heriotza haren absurdoak biderkatu egin zuen urruntasun fisikoaren mina. Gidari suizidak Mikelekin hitz egiteko aukera izan balu, biak autotik jaitsi eta tea edango zuten, shisha erre, lasai, ilunabarrean.

Pandemiak eragindako heriotzak ere oso dira absurdo. Gaixotasuna naturala da baina heriotzaren aurrekoak eta ondokoak antinaturalak dira erabat. Irudikatu ditut, distantzian gertu izan arren, ezinezkoak izan diren zaintzak, eragotzi diren laztan eta muxuak, aurrez aurre partekatu gabeko malko, agur eta minak. Urruti bizi behar izan dira gertukoen heriotzak. Urteetan iheslariek eta presoek, eta beren senideek eta lagunek, bizi behar izan dituzten antzera. Urruti.