Amaia U. LASAGABASTER
Futbola

Alemanian berrekingo diote lehiaketari emakumeek ere

Gaur hasi eta uztailaren 4ra arte jokatuko dira Liga eta Kopa amaitzeko falta diren norgehiagokak.

Emakumezkoen futbola bueltan da eta kasu honetan ere alemanak izango dira berriro zelairatuko diren lehenak.

Martxoaren 1ean jokatu ziren Frauen Bundesligako azken partidak, baina lehiaketa eten bezain laster bertako futbol arduradunak normaltasunera bueltatzeko bidea lantzen hasi ziren, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizketa handirik egin barik.

Hain zuzen, berdintasun horrek sortu zuen oztopo handiena, klub apalenek ez baitzuten segurtasun eta osasun protokoloei aurre egiteko gaitasunik. Funts solidario batekin konpondu dute: talde aberatsenek dirua ipini dute denek lehiaketan jarraitu ahal izateko. Dena, hala ere, ez da arrosa kolorekoa. Alemanian lander bakoitzaren esku dago segurtasun neurrien zorroztasun maila erabakitzea eta taldeek, beraz, beren kokapenaren arabera lan egin behar izan dute. Desberdintasunak egon dira; nabaria Jenaren kasuan. Turingiako taldeak maiatzaren 18ra arte itxaron behar izan zuen jokalariek multzo txikitan entrenatzen hasi ahal izateko; are gehiago, talde osoak ezin izango du elkarrekin lan egin ekainaren 5era arte. Bi egun beranduago jokatuko du bere lehen partida eta bere egutegia, ondorioz, aurkariena baino askoz trinkoagoa izango da. Eragozpen nabarmena; batez ere, azken sailkatua dela kontuan hartuta, zazpi puntuko desabantailarekin.

Zortzi jardunaldi dauzka bere egoerari buelta emateko. Errazagoa izango du erronka Wolfsburgo liderrak ekainaren 28an amaituko den denboraldiaren bigarren zati honetan, orain arte jokatutako 16 jardunaldietan zortzi puntuko abantaila pilatu baitu. Izan ere, Bayernek lan handiagoa izango du bigarren postua defendatzeko –Hoffenheim puntu bakarrera baitauka– lehenarekin amets egiteko baino.

Championserako txartela ez da Hoffenheimen helburu bakarra, Kopako final-laurdenak ere jokatu behar baititu, Bayer Leverkusen, Bielefeld, Sand, Turbine, Essen, Gutersloh eta Wolfsburgorekin batera. Txapelketa honekin amaituko da denboraldia Alemanian, Federazioak uztailaren 4a aukeratu baitu finala jokatzeko.

Ordurako beste Liga bat ere martxan izango da Europan. Suediako Damallsvenskanko taldeak hasi dira entrenatzen eta, asteotan egoera okertzen ez bada, ekainaren 27an hasiko da. Norvegian atzo jaso zuten taldeek multzoka entrenatzeko eta lagunarteko partidak jokatzeko baimena –neurri zorrotzak betez– eta, egoerak orain arteko bilakaerari eusten badio, uztailaren 4an hasiko da Toppseriena.

Italian, bestetik, hurrengo egunetan erabakiko dute Liga amaitzeko aukerarik baden. Ingalaterran bertan behera utzi berri dute, baina erabakitzear dago txapeldunik, jaitsierarik eta igoerarik egongo den.

Txapelketa berria AEBetan

Lehiaketa egon egongo da Ameriketako Estatu Batuetan, baina ez da izango aurreko urteotakoa bezalakoa. Izan ere, arduradunek izena ere aldatu diote, Challenge Cup, NWSLren ordez.

Lehiakideak berberak izango dira, Liga jokatu behar zuten bederatzi taldeak. Baina formatua guztiz berria izango da. Txapelketa «espres» bat izango da; partida guztiak (25) zelai berberean jokatuko dira (Utahko Herriman hiriko Zions Bank Stadiuma), ateak itxita, eta hilabete iraungo du, ekainaren 27tik uztailaren 25era. Bi fasetan banatuko da. Lehen fasean talde guztiek lau norgehiagoka jokatuko dituzte. Txarrena kanpoan geratuko da eta gainerako zortziek kanporaketak jokatuko dituzte, partida bakarrera.

Segurtasun protokolo zorrotza ezarri dute arduradunek eta jokalariei hainbat berme ziurtatu ere bai: 2020ko soldata osoa jasoko dute eta amatasun laguntzak mantenduko dira, besteak beste. A.U.L.