Maite UBIRIA
BAIONA

BBE hautagaitzak ez du babestuko Etcheto buru lukeen aliantzarik

Baiona Berde eta Elkarkidea (BBE) hautagaitzako kideek bozketa egin zuten atzo udal hauteskundeen bigarren itzuliari begira estrategia zehazteko. Ekologistak, abertzaleak eta ezker hexagonaleko ordezkariak biltzen dituen hautagaitzak baztertu egin zuen Baiona Hiri Irekia eta Bihar Baiona ezkerreko beste bi hautagaitzekin batera aliantza egiteko aukera.

Baiona Berde eta Elkarkidea hautagaitzako 116 kidek parte hartu zuten 10.00etatik 14.00etara bozketa presentzialean. Henri Etcheto PSko kidearen hautagaitzarekin –Baiona Hiri Irekia– eta Mathieu Berge sozialista disidentea buru duen Bihar Baiona zerrendarekin batera aliantza egitea babestu zuten 54 lagunek. Alta, 56k aliantza hirukoitz hori errefusatu zuten. Bozketan sei boto zuri izan ziren.

Bigarren aukera bat bozkatu zuten horren ondotik BBEko kideek. Etcheto ez bezala, besteak beste, euskara, Euskal Elkargoa eta konponbide prozesuari buruz jarrera positiboagoa duen Bergeren hautagaitzarekin –Bihar Baiona– aliantza egiteko aukerari buruz erantzun zuten militanteek. 91k babestu zuten aukera hori eta 21ek horren kontrako botoa eman zuten. 4 boto zuri izan ziren bigarren bozketa horretan.

Akordiorik ez balego, Baiona Berde eta Elkarkidea hautagaitzako kideek bigarren itzulian ez lehiatzeko aukera hobetsiko lukete. 49 lagunek babestu zuten aliantza egin ezean erretiratzeko aukera eta 48k hauteskunde lehian jarraitzea babestu zuten.

Jean-Rene Etchegaray buru zuen zentro-eskuineko hautagaitzak bildu zuen sostengu gehien lehen itzulian. Etcheto bigarren heldu zen.