Andoni ARABAOLAZA
LIBURUA

«El mundo de los Pirineos» eraberritua iritsi zaigu

22 urtez gure eskuetan egon eta gero, Sua argitaletxearen aldizkaria iaz desagertu zen. Orain, berriz, izen berarekin urtean zehar lau liburu kaleratuko ditu. Dagoeneko, lehena kioskoetan dago: «Por qué preservar la montaña». Eduardo Viñuales da egilea.

Iraultza teknologikoa iritsi zenetik, paperezko edukiak pixkaka krisialdian murgildu ziren. Aldizkariei ere hori gertatu zaie. Hala eta guztiz ere, badira buruari eragin eta formula berriak “asmatu” dituztenak. Hori gertatu zaio Sua argitaletxearen “El mundo de los Pirineos” aldizkariari.

Gogoratu behar dugu Euskal Herrian zein Pirinioetako beste herrialde batzuetan arrakasta izan duen eduki hori joan den urtearen amaieran “desagertu” zela. 132. zenbakia zen, eta nolabait esateko, aldizkari formatuak behin betiko ateak itxi zituen.

Baina 132. zenbaki horrek ez du etenik izan; ezta gutxiagorik ere. Dagoeneko 133.a kioskoetan dago. Hori bai, Suakoek formatu ezberdina aurkeztu digute. Esan genezake, eraberritua; izan ere, aldizkariak liburuari lekukoa pasa dio.

Joan den asteazkenean proiektu berri honen azalpenak emateko “El mundo de los Pirineos”-eko editore Argiñe Areitiok azpimarratu nahi izan zigun aldizkariak 22 urteko ibilbide oparoa izan zuela: «Hasieratik amaiera arte asko garatu zen. Asko hobetzeaz gain, kalitatea zein nortasuna eskaini genion. Irakurle leial asko bereganatu genituen. Gure mendilerroa ezagutzeko hiru zutabetan oinarritu ginen: mendia, natura eta kultura. Eta uste dut asmatu genuela».

Esan dugun bezala goiburu hori ez da desagertuko. Eta agerraldian Areitiok baieztatu zigunez, lehen liburua (18,50 euro) kioskoetan da dagoeneko: «Arestian aipatu ditudan hiru zutabe horiek ez dira aldatuko. Soilik formatua ezberdina da. Eta urtero argitaratuko ditugun lau liburuetatik lehena salgai dago. Esan behar dut ere harpidetza mantentzen dugula. Hots, etxera iristeko erraztasun hori ematen dugu».

Pandemiaren erruz, lehen zenbakia orain iritsi da. Suaren biltegietan zegoen, baina birusak kioskoetara eramatea galarazi zuen. “El mundo de los Pirineos” liburuaren arduradunek baieztatu ziguten behin martxa hartuta bigarren liburua hurrengo egunotan salgai izango dela: «Era horretan orain arte egin dugun lanari jarraipena emango diogu. Gure helburua Pirinioak alderdi guztietatik ezagutaraztea da, eta horretan jarraituko dugu».

Entziklopedia

Lehen liburuari dagokionez, lasai asko esan genezake entziklopedia moduko bat dela. “Por qué preservar la montaña. Guía natural de la A a la Z” du izena. Eta haren egilea Eduardo Viñuales da. Aragoarrak aldizkariaren hastapenetatik kolaboratzen jardun du, eta argi du “ardura” hori ez duela albo batera utziko.

Lehen zenbaki honen inguruan, Areitiok aurreratu zigun nahiko atipikoa dela: «Liburu honetan ez dugu mendi irteerarik ikusiko. Baina hauek egiteko, Eduardok floraren zein faunaren ingurukoak azalpenak ematen dizkigu. Gure mendilerroa ondo baino hobeto ezagutzen du; aditu handi bat da. Eta zerekin eta norekin aurkituko garen esango digu».

Gida natural horren bidaiak, A-tik Z-ra egiten denak, oinarri finko bat du: naturak eskaintzen diguna. Hor dago gakoa. Ezagutu eta ulertu: «Pirinioek gordetzen dituzten eite guztiak ezagutzen baditugu, argi dago mendilerroa babesteko eta zaintzeko oinarri sendoagoak izango ditugula».

Lehen liburua, beraz, kioskoetan eta etxeetan dago, eta bigarrena bide bera hartzeko zorian da. Agerraldian haren inguruko xehetasunak ere eman zituzten: «Bigarren honen izenburua honakoa da: ‘Los últimos glaciares’. Aurrekoan ez bezala, mendi irteerak proposatzen ditugu. Eta horiek guztiak mendebaldeko eta erdiko Pirinioetan kokatuta daude. Edukiari dagokionez, glaziarrek egun duten egoera azaltzen dugu. Zenbat dauden, nortzuk diren... Izotzaren inguruko bidaia da».